Denboraldiko bigarren garaipena lortu du Lagun Onakek

Mailo Oiarzabal 2021ko urt. 23a, 20:58
Lagun Onaken jokalariak gola ospatzen. (Otola)

Basconia 1 eta 0 menderatu du Azpeitiko futbol taldeak Garmendipen, urte hasi berrian etxean jokatu duen lehendabiziko neurketan. Gizonezkoen talde nagusian gaur debuta egin duen Xabier Bastidak egin du partidako gol bakarra.

Abenduaren 22tik Garmendipen jokatu gabe zegoen Lagun Onaken gizonezkoen talde nagusia. Gaur jokatu du 2021eko etxeko lehen partida, eta itzulera ezinhobea izan da, denboraldiko bigarren garaipena eskuratu baitu Azpeitiko taldeak, Basconiari 1 eta 0 irabazita; Ariznabarraren zelaian erdietsi zuen aurrenekoa, joan den abenduaren 27an. Xabier Bastidak sartu du gaur neurketako gol bakarra, 82. minutuan. Gaur izan du talde nagusian debuteko partida azpeitiar gazteak, eta Gorkaren ordez zelairatu eta bost minutura bidali du baloia sareetara.

Garaipen estua izan da gaurkoa, ez bakarrik markagailuak hala erakusten duelako, eta bastidatarrek jarri dote zigilua. Basconia izan da lehen zatian arrisku gehien eta garbiena sortu duen taldea. Lagun Onakek ere izan du abaguneren bat lehen zati horretan, Beñaten oinetan, baina Basauriko (Bizkaia) taldeak –Athleticen harrobikoa– gehiago izan ditu, eta argiagoak. Kamuts ibili dira, ordea, bisitariak, eta Iker Bastida atezainaren lanak ere –golegilearen anaia– izan du zerikusia horretan; 28. minutuan gola sartu ere egin du Basconiak, baina jokoz kanpo zegoen golegilea eta ez da aldatu markagailua.

Bigarren zatian gol aukera gutxiago izan da eta jokoa parekatu egin da. Minutuak aurrera joan ahala, kanpokoak jokoan nagusitzen joan dira. Baina Lagun Onakek ez du inoiz etsi eta partidaren azken txanpan iritsi zaio saria: eskuin hegaletik area barruan sartutako baloia bikain sartu du ate barruan Xabier Bastidak ezkerrarekin, atzetik iritsita. 94. minuturaino luzatu du neurketa epaileak, baina ez du aparteko zailtasunik izan Lagun Onakek emaitzari eusteko; bigarrena egiteko aukera garbi samarra ere izan du Bastidak berak.

Gaurko hirurekin, hamabi partida jokatu ondoren, bederatzi puntu ditu Lagun Onakek, eta Espainiako Hirugarren Mailako IV. multzoko B taldean azkena da sailkapenean. Bigarren garaipen honi esker, ordea, ez ditu hain urruti sailkapenaren atzealdean dabiltzan beste taldeak; Basconia bera, tartean.