Koronabirusa Azpeitian

1.403 positibo berri atzeman zituzten atzo Hego Euskal Herrian

Mailo Oiarzabal 2021ko urt. 23a, 14:14

Positibotasun tasa %8,2koa da. Beste 104 lagun ospitaleratu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan.

Ostegunean baino positibo gutxiago atzeman zituzten atzo Hego Euskal Herrian, baina koronabirusaren positibotasun tasak oso altua izaten jarraitzen du lau lurraldeetan. 1.403 positiboren berri eman dute Osakidetzak eta Osasunbideak gaur argitaratu dituzten txostenetan –duela astebete baino 400dik gora gehiago–, eta 1.445 positibo zenbatu zituzten atzoko txostenetan. 13.642 PCR eta antigeno proba egin zituen atzo Osakidetzak (bezperan baino gehiago), eta 3.313 Osasunbideak (bezperan baino gutxiago), eta positibotasun tasak behera egin du zertxobait, baina %8tik gorakoa da hala ere.

Osakidetzak Araban 208 positibo hauteman zituen atzo, 630 Bizkaian eta 292 Gipuzkoan, eta hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren beste hamar lagunen positiboak ere zenbatu zituen. Nafarroan, berriz, 263 izan ziren positiboak.

Erietxeen egoeraren berri ere eman du Osakidetzak. 104 lagun ospitaleratu zituzten atzo COVID-19ak jota Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 109 gaixo daude hiru lurralde horietako ZIUetan.

Herriz herriko daturik ez du ematen Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak asteburuetan.