Koronabirusa Azpeitian

Aldarrikapenez jantzi dituzte ostalariek beren lokalak

Mailo Oiarzabal 2021ko urt. 23a, 09:59

Atzo, tabernak eta jatetxeak berriro itxi behar izan zituzten, Azpeitia eremu gorrira itzuli ondoren. Gutuna zabaldu zuten atzo bertan ostalariek herritarrei babesa eskatuz, eta pankartaz bete zituzten herriko taberna gehienak.

SOS Ostalaritza, Erreskatea orain, Utzi lanean, ez gara errudunak... Horrelako eta antzeko mezu gehiagorekin idatzitako pankartekin bete zituzten atzo herriko taberna atariak Azpeitiko ostalariek.

COVID-19aren intzidentzia tasak berriro 500eko langa gainditu du aste honetan Azpeitian, eremu gorrira itzuli da eta, ondorioz, herriko sartu-irtenak mugatu eta ostalaritza guneak itxita daude atzotik. Bost astez Araba, Bizkai eta Gipuzkoa osoan itxita egon ondoren, abenduaren 12an ireki zituzten berriro ostalaritza guneak Azpeitian ere, baina gutxi iraun zuen arnas berritzeak herriko ostalarientzat: herriko intzidentzia tasa 500etik igota, abenduaren 15ean berriz itxi behar izan zituzten tabernetako eta jatetxeetako ateak. Horrela, itxita, egon ziren hilabetez, intzidentzia tasaren jaitsierak ahalbidetuta urtarrilaren 15ean berriro ateak irekitzeko aukera izan zuten arte. Aurreko irekierak hiru egun iraun bazituen, oraingoa ez da astebetera iritsi.

Gutuna zabaldu zuten atzo bertan ostalariek herritarrei babesa eskatuz, eta pankartaz bete zituzten herriko taberna gehienak.