Aintzane Pujanaren hilketa salatzeko kontzentrazioa deitu du biharko Basanderiek talde feministak

Anartz Izagirre 2021ko urt. 22a, 13:25
Aizarnazabalgo Zubialde auzoa. (Urola Kostako Hitza)

18:00etan izango da elkarretaratzea, plazan. Azpeitiko 1. Instrukzio Epaitegiko epaileak Pujana hiltzeaz gain legez kanpo atxikitzea eta hura sexualki esplotatzea egozten die bi hilketaren harira akusatutako bi errenteriarrei; gertakari hori salatzeko deitu du Basanderiek talde feministak kontzentrazioa.

Urtarrilaren hasieran Aizarnazabalen hilda agertu zen Aintzane Pujana 32 urteko donostiarra, eta azken berrien arabera, hura hiltzeaz gain Pujana sexualki esplotatzea eta hura legez kanpo atxikitzea egozten die Azpeitiko 1. Instrukzio Epaitegiko epaileak bi akusatuei. Egoera horren aurrean, gertakaria salatzeko kontzentrazioa deitu du Basanderiek talde feministak biharko; 18:00etan izango da elkarretaratzea, plazan, Aski da! Aintzane gogoan! lelopean. Bestalde, Urola Erdiko Itaia emakumeen antolakunde sozialistak ere eskualdean antolatu diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du.

Bi atxilotuak bikotea dira: 24 urte ditu gizonezkoak eta 23 emakumezkoak. Ertzaintzak zabaldutako informazioaren arabera, Aizarnazabalgo landetxe bateko apartamentu batean bizi ziren joan den azaroaz geroztik, eta haiekin bizi zen Pujana ere. Ertzainek uste dute hilketa "urtarrilaren 2ko goizaldeko lehen orduetan" gertatu zela, eta biktimaren gorpua hil berritan eraman zutela handik bi egunera langile batzuek aurkitu zuten tokira. Poliziek darabilten "hipotesi nagusia" da "eztabaida gogor" bat izan zutela atxilotutako bikoteak eta biktimak urtarrilaren 1eko 23:30ak aldean, eta eztabaida horren ondoren gertatu zela hilketa, landetxean bertan. Autopsiak argitu duenez, labankadaka hil zuten Pujana.