"Oso erantzun ona" izan du 'Arrastoan' dokumentalaren aurkezpenak

Ihintza Elustondo 2021ko urt. 22a, 12:18

Josu Iztuetak eta Iker Iriartek Arrastoan dokumentala aurkeztu zuten atzo, Sanagustin kulturgunean. Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatutako Mendiko Ahotsak egitasmoaren barruko lehen saioa izan zen atzokoa, eta otsailaren 18an izango da hurrengoa.

Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatu duen Mendiko Ahotsak egitasmoaren barruko lehen ekitaldia izan zen atzo, osteguna. Josu Iztueta tolosarrak eta Iker iriarte alegiarrak Arrastoan dokumentala aurkeztu zuten 19:00etan hasita, Sanagustin kulturgunean. Laponiara egindako bi eski zeharkaldiren arrastoei segika egindako ikus-entzunezkoa da eman zutena. Lagun Onak Mendi Bazkunako ordezkariek azaldu dutenez, "oso erantzun ona" izan zuen emanaldiak.

Mendiko Ahotsak egitasmoaren barruko hurrengo solasaldia otsailaren 18an izango da. Mikel Sarasola (Donostia, 1987) ur bizietako piraguista ariko da hizlari saio horretan. Gaztetan Espainiako txapeldun izan zen Sarasola, eta ondoren, bere kayaka furgoneta batean sartu eta munduan zehar ibiltzea erabaki zuen, esperientzia berriak bizi nahian: Groenlandia, Pakistan, Peru, Patagonia, Nepal… bisitatu ditu.

Erlazionatuak

Arroita-Sañu irteera, irudietan

Mailo Oiarzabal 2021 urt 22 Azpeitia