Gozo guztiak berdinak ez direlako

Ihintza Elustondo 2021ko urt. 22a, 16:00
IƱigo Odriozola, Txintxu gozotegian.

Gipuzkoako hainbat gozogilek jendaurrean aurkeztu dute Gozoa elkartea, opilak eskuz eta mimoz sortzen dituztenen lanbidea sustatzeko. Eredu industrialetik desberdintzeaz gain, belaunaldi berrien transmisioa ere bermatu nahi dute. Gipuzkoako Hitzan argitaratutako erreportajea da honako hau. 

Gauza jakina da gastronomiak sekulako indarra duela Euskal Herrian. "Leku gutxitan izango dira inguruotan adina Michelin izar", dio Iñigo Odriozolak, Azpeitiko Txintxu gozotegiko arduradunak. Haren iritziz, bertako sukaldariek ospe handia duten arren, ez da gauza bera gertatzen gozogileekin. Sektore horren errealitatea azaltzeko, Inazio Egaña Azpeitiko Egaña gozotegiko nagusiak datu batzuk dauzka esku artean: "2000. urtean, esaterako, 35.000 gozo denda zeuden Espainiako Estatuan, eta 2015ean, 15.000 besterik ez zeuden". Hamabost urtean, 20.000 negozio itxi zituzten, beraz. Gipuzkoan ere antzekoa da joera. Argi dago: zerbait gertatzen da ofizio horrekin.

Ogia, opilak nahiz bestelako postreak sortzea dute ogibide Odriozolak eta Egañak, eta kezkatuta daude beren sektoreak azken urteotan izan duen gainbehera ikusita. Haiek bezala, asko dira gozogintzaren ofizioa duintzeko eta sustatzeko zerbait egin behar dela uste dutenak, eta ideia horri tiraka duela bi urte hasi zen lehen pausoak ematen Gozoa Gipuzkoako artisau gozogileen elkartea. Gipuzkoako hamazazpi gozogile batu dira elkartera, oraingoz bat da Nafarroakoa, eta tartean dira Azpeitiko biak ere.

Gozogile artisauen lana bultzatu nahi du elkarteak, ez gozogile guztiena, eta horrek ere zerikusia du egungo errealitatean gertatzen ari denarekin. Tradizioz, eskuz egindako lana izan da gozogileena, baina eremu horretan ere indarra hartzen ari da industria, eta gero eta gehiago dira lan hori makinen bidez egiten dutenak. "Globalizazioa iritsi da sektore honetara ere: kate handiak, kanpotik ekarritako produktuak, industria… indarra hartzen ari dira, baita Gipuzkoan ere. Nortasunik gabeko gozogintza sustatzen ari dira", adierazi du Egañak.

Joera horri kontra egin nahi dio Gozoak, eskulangileen lana bultzatuta. "Makinek egindakoa eta eskulangileok egindakoa jendeak desberdindu ditzan nahi dugu. Bertako eta kalitatezko elikagaiekin lan egiten dugu, zero kilometro filosofia sustatzen dugu, egunean eguneko masa sortu… Ez da gauza bera gozogile batek eskuz eta mimoz sortu duen opil bat edo makina batek egindakoa", dio Odriozolak.

Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren atarian.