Koronabirusa Azpeitian

Hemezortzi positibo gehiagorekin, gutxienez astebetez itxita egongo da herria

Andoni Elduaien 2021ko urt. 21a, 13:20

Azpeitian hemezortzi kasu berri baieztatu dituzte, eta azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko tasa metatua 650,46koa da. Atzo sartu zen Azpeitia eremu gorrian, eta bihar itxiko dute herria. Azpeitiko sarrera-irteerak eta ostalaritza ixteko aginduko du Eusko Jaurlaritzak, eta eskola kirola ere debekatuko du. Neurri horiek gutxienez datorren ostiralera arte mantentuko dira bere horretan. "Oso kezkatuta" agertu da Nagore Alkorta alkatea, baita informazio gabeziarekin arduratuta ere.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratu berri du atzo, asteazkena, egindako PCR eta antigeno probetan zenbat kasu positibo atzeman zituen. Azpeitian hemezortzi kasu berri baieztatu dituzte, eta azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko tasa metatua 650,46koa da. Atzo sartu zen Azpeitia eremu gorrian, eta horrenbestez, bihar itxiko dute herria. Beraz, herriko sarrera-irteerak eta ostalaritza ixteko aginduko du Eusko Jaurlaritzak, eta eskola kirola ere debekatuko du. Neurri horiek bihar bertan sartuko dira indarrean, eta gutxienez datorren ostiralera arte mantentuko dira bere horretan.

Nagore Alkorta: "Oso kezkatuta gaude"

Bi egunetan 39 positibo pilatu dira Azpeitian –herenegun 21 eta atzo 18–, goraka oso handia kolpera, eta udala egoerarekin "oso kezkatuta" dagoela adierazi dio Uztarria,eus-i Nagore Alkorta alkateak:  "Atzo herritarrak oso kezkatuta sumatu genituen, eta geu ere horrela gaude. Izan ere, kopuruak oso altuak dira".

Positiboen emari altua "udalaren kezka nagusi" bihurtu dela dio Alkortak, baina momentuz informazio urria dutela aitortu du. Osakidetza ez da harremanetan jarri udalarekin, eta gaur goizean herriko osasun zentrora deituta lortu dutena da duten informazioa, alkatearen esanetan: "Jakin nahi genuen foku edo agerraldi zehatzen bat detektatu duten, baina halakorik ez dutela atzeman esan digute. Komentatu didate, beren ustez, Errege egunaren ondoriozko kopuruak izan daitezkeela, batetik; eta positibo gehiago agertuko direla oraindik, bestetik". Gaurko txostena argitaratu aurretik hitz egin du alkateak anbulatorioko arduradunekin.

Momentuz, duten informazioarekin eta argibide berririk gabe, neurri zehatz berririk ez du ezarriko udalak: "Eremu gorrian gaude berriro, herria itxita egongo da, ostalaritza ere bai, eskola kirola bertan behera... Denoi eragingo digun egoera baten aurrean gaude, baina eskuak lotuta izango bagenitu bezala sentitzen gara, ez daukagulako informaziorik". Positiboen eboluzioa jarraitzen eta egoera aztertzen jarraituko du udalak, eta LABIk bihar egingo duen bileraren ondoren etor daitezkeen neurri berrie adi ere bai. Alkortaren esanetan, "egoera larria da, baina kontzientze gara, era berean, erkidego osoan dela larria, ez bakarrik Azpeitian", eta horregatik espero dituzte neurri orokorrak. "Eskertuko genuke, hori bai, gu ere informatuta egotea, koordinatuta. Azkenean, gu gaude herritarren aurrean, eta informazio osoa behar dugu: agerraldirik ba al dagoen, egoera nola ikusten duten, hartutako neurriak egokiak al diren ala gehiago behar al diren", nabarmendu du alkateak. "Ia abuztuko kopuruetan gaude, baina ez daukagu informaziorik", gaineratu du.

Eskualdera begira

Eskualdean hirugarren olatua eragin handiagoa ari da izaten, guztira 50 positibo detektatu baitzituzten atzo. Azpeitiaren atzetik, Zarautzen atzeman zituzten atzo kasu gehien; han 11 kasu positibo berri zenbatu zituzten. Hala eta guztiz ere, intzidentzia tasa 201,31koa da Zarautzen, eta eremu horian izanik, urrun dituzte oraingoz Jaurlaritzak ezartzen dituen neurri gogorrenak. Nabarmendu behar den beste herria Zestoa da. Izan ere, lau kasu berri atzemanda 539,29ko intzidentzia tasara ailegatu da, eta Azpeitian bezala han ere ez da bihartik aurrera gogortuko ditu neurriak Jaurlaritzak. Mugitzeko askatasuna mugatzeaz gain, ostalaritza guneak eta taldean kirola egitea galaraziko dituzte. Azkoitian bestelakoa da irudia.  Azkoitian hiru kasu berri gehitu dira zerrendara. Azken egunotan Azkoitiak ez du lau kasu positiboko langa gainditu, eta azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko tasa metatua 367,19koa da gaur. 

Dagoeneko itxita dauden herrien artean daude Orio, Zumaia eta Aizarnazabal. Orion, beste bost kasu atzeman dituzte, eta eremu gorrian jarraituko dute han; 717,55ekoa da intzidentzia tasa. Modu berean daude Zumaian ere; han lau kasu positibo berri hauteman zituzten atzo egindako probetan, eta 773,38an da tasa. Aizarnazabalen, berriz, hiru kasu berri zenbatu zituztern, eta eskualdeko tasarik handiena duen herria izaten jarraitzen du 4.551,37ko tasarekin. Aian, aldiz, bi kasu atzeman dituzte, eta intzidentzia tasa 554,16koa da; halere, Eusko Jaurlaritzak kaleratu duen ebazpenean ez du Aia sartu itxiko diren herrien zerrendan.

Kasuak aregoatzen

Hego Euskal Herrian, bestalde, 1.340 kasu positibo atzeman zituzten. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 13.664 PCR eta antigeno test egin zituen Osasun Sailak atzo, eta 1.115 kasu detektatu zituen. Osasunbideak, aldiz, 3.081 proba egin zituen Nafarroan, eta 225 kasu positibo atzeman zituen. Lurraldeen arabera, egoerarik okerrena Bizkaian dute. 622 kasu zenbatu zituzten han, 299 Gipuzkoan eta 176 Araban. Halere, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren beste hemezortzi kasu ere baieztatu dituzte.

Osasun erakundeek ez dute argitu oraingoz hiru lurralde horietan zenbat pertsona dauden ospitaleratuta; hala eta guztiz ere, Osakidetzak adierazi du zainketa berezia behar duten 101 pertsona daudela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horiek ZIUan ospitaleratuta daude. Nafarroan positibotasun tasa %7,3an kokatu da, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %8,2an. Azken hiru lurralde horietan, gainera, R0 indizea 1,18koa da.