Koronabirusa Azpeitian

500eko langa gainditu du Azpeitiko intzidentzia tasak, eta ostiralean itxi egingo dute herria

Aitziber Arzallus 2021ko urt. 20a, 13:11

Atzo 21 positibo baieztatu zituzten herrian, eta 538,76koa da hamalau eguneko 100.000 biztanleko positibo metatuen kopurua. Ez dago aukerarik gaurtik biharrera intzidentzia tasa 500etik jaisteko; horrenbestez, biharko berrikusketan, herriko sarrera-irteerak eta ostalaritza ixteko aginduko du Eusko Jaurlaritzak, eta eskola kirola debekatuko du. Neurri horiek ostiralean sartuko dira indarrean eta gutxienez asteartera arte egongo dira.

San Sebastian egunarekin iritsi da inork entzun nahi ez zuen albistea. Azpeitiko intzidentzia tasak 500eko langa gainditu du, eta itxi egingo dute herria. Ostiraletik aurrera ezingo da herritik irten eta herrira sartu, justifikatutako arrazoiengatik ez bada; tabernek eta jatetxeek ateak itxi beharko dituzte; eta debekatuta egongo da eskola kirola.

Joan den ostiralean eremu horian zegoen Azpeitia, aspaldiko egoerarik onenean, 274,45eko intzidentzia tasarekin. Asteburuan baieztatu zituzten 25 kasuek, ordea, 413,93ra igo zuten tasa. Eta atzo atzemandako 21 kasuak errematea izan dira. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratu berri dituen arabera, gaur-gaurkoz 538,76koa da tasa.

Bihar, osteguna, berrikusketa eguna da Jaurlaritzarentzat. Eguerdian kaleratuko du gutxienez asteartera arte itxita egongo diren udalerrien zerrenda, eta zoritxarrez, zerrenda horretan egongo da Azpeitia. Izan ere, ezinezkoa da gaurtik biharrera intzidentzia tasa 500etik jaistea; ezta gaur positiborik atzemango ez balute ere. Eta asteleheneko berrikusketan herria irekitzeko agindua emateko aukerak ere ez dira handiak: igandera bitarte gehienez hamar positibo baieztatu beharko lituzkete.

Eskualdean, egoera gorabeheratsua

Eskualdean, Azpeitiaz gain, 5.000 biztanletik gora dituzten beste bi herri daude eremu gorrian: Zumaia eta Orio. Zumaian beste lau positibo atzeman zituzten atzo, eta intzidentzia tasak apaltzera egin du: 900etik gorakoa zen azken egunetan eta 783,56koa da orain. Orion, aldiz, lau positibo berrirekin, gorantz egin du intzidentzia tasak, eta 668,62koa da. 

Eskualdeko 5.000 biztanletik beherako herrien artean, berriz, Aizarnazabal da Jaurlaritzaren zerrenda gorrian dagoena, baina egoerak nabarmen egin du hobera azken egunotan. Atzo bi positibo baieztatu zituzten han, eta azken zazpi egunotan lau izan dira. 

Guztira 41 kasu izan ziren atzo eskualdean. Aipatutakoez gain, launa kasu atzeman zituzten Zarautzen eta Zestoan eta bi Azkoitian. Zestoan ere azken egunotan gorantz egin du intzidentzia tasak, 436,57koa da egun, eta alkateak oharra plazaratu du, "azken egunotan herrian COVID-19ak izan duen eraginaren berri emateko". Bost egunetan hamahiru positibo agertu ostean, eremu gorrira hurbiltzearen kezka agertu du Mikel Arregik. Hala ere, haurreskolako agerraldia "itxura guztien arabera kontrolatuta" dagoela eta eskola txikia berriro astelehenean irekitzea espero dutela jakinarazi du.

Aian, Beizaman, Errezilen eta Getarian ez zuten positiborik atzeman atzo.

Hego Euskal Herrian, azken bi hilabeteetako positibo gehien

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, atzo beste 1.246 positibo atzeman zituzten Hego Euskal Herrian. Guztira, 17.000 proba diagnostiko egin zituzten, eta horietatik %7,3k eman zuten positibo. Atzoko positibo kopurua azken bi hilabeteetako daturik okerrena da. Zehazki, azaroaren 14tik izan den kutsatu gehien da.

Lurralde guztietan da kezkagarria egoera. Araban, 110 positibo zenbatu dituzte; Nafarroan, 200; Gipuzkoan, 298; eta Bizkaian, 616.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez, atzo beste 83 lagun ospitaleratu zituzten gaitzarekin Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan, eta ZIUetan une honetan 97 lagun daude, bezperan baino bat gehiago. Azken astean 62 pertsona hil direla jakinarazi du Osakidetzak.

Ostiralean LABIren bilera

Gaur arratsaldean bilera dute Espainiako gobernuburuak eta autonomia erkidegoetako buruek, eta bilera horretan etxeratze agindua aurreratzeko aukera eta gizarte bilerak are gehiago mugatzekoa aztertuko dituzte, besteak beste. Iñigo Urkullku Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere parte hartuko du, eta etxeratze agindua 20:00etara aurreratzeko eta herritarrei gehienez lau lagun bildu ahal izateko muga ezartzeko eskumena eskatuko du.

Ostiralerako, berriz, LABIren bilera deitu du Urkulluk, eta gaurko bileran erabakitakoarekin eta egoeraren azterketa eginda, orduan erabakiko dute neurri murriztaile gehiago ezarri ala ez. Itxura guztien arabera, neurri berriak hartzeko intentzioa du Urkulluk, berez datorren asteazkenean egitekoa ziren bilera etzira aurreratu baitu.