Sansebastianak 2021

'Amamaren danborra' dokumentalaren estreinaldiko ekitaldia, bideoan

Julene Frantzesena 2021ko urt. 20a, 08:46

Danbor talde bakoitzeko emakume banak San Sebastian martxa jo zuten Soreasuko ekitaldian, eta ondoren, hitzartzeen txanda izan zen. Amamaren danborra dokumentala estreinatu zuten segidan.

Atzo bete ziren 40 urte emakumeak lehen aldiz Azpeitiko danborradan atera zirela, eta horren harira, atzo bertan estreinatu zuten Amamaren danborra dokumentala, Soreasu antzokian. Paola Motok eta Alaitz Olaizolak ondutako ikus-entzunezkoaren aurretik ekitaldia egin zuten; zehazki, gauerdiko kanpaiak irudikatu zituzten, eta San Sebastian martxa jo zuen talde bakoitzeko danbor jotzaile banak –guztira, 30 bat–. Aurkezle lanak Mireia Galarza kazetariak egin zituen, eta hitza hartu zuten dokumentalaren bi sortzaileek eta Nagore Alkorta alkateak. Hitzartzeen ostean, beste bi pieza jo zituzten Soreasun elkartu ziren ikus-entzuleek nahiz danbor taldeetako kideek.

Uztarria.eus-ek zuzenean eman behar zuen atzo ekitaldia, eta hasi egin zen saioa, baina arazo teknikoak medio bertan behera utzi zen zuzeneko emankizuna.