Sansebastianak 2021

'Amamaren danborra' dokumentalaren estreinaldiko ekitaldia, irudietan

Mailo Oiarzabal 2021ko urt. 19a, 21:17

Emakumeek astindutako danbor hotsek hartu dute Soreasu antzokia gaur arratsaldean, herriko danborradan duela 40 urte danborjole irten ziren lehen emakume haien omenez. Bihar eta hilaren 23an eta 25ean emango dute berriro dokumentala Soreasun bertan.

Azpeitiko danborradan emakumeak lehen aldiz danborra jotzen irten zireneko 40. urtemuga betetzen da gaur. Data hori gogora ekartzeko egin dute Paola Motok eta Alaitz Olaizolak, Azpeitiko Udalaren enkarguz, Amamaren danborra dokumentala, eta 50 minutu inguruko ikus-entzunezkoa gaur arratsaldean eman dute lehen aldiz Soreasu antzokian.

Dokumentala eman aurretik, ekitaldia egin dute. Arazo teknikoak tarteko, azkenean ekitaldi hori zuzenean jarraitzeko aukerarik ez da izan, tamalez. Dokumentalean parte hartu dutenak eta beste gonbidatu apur batzuk zeuden gaur Soreasun, eta haiek izan dute aukera, filmaren egileen eta Nagore Alkorta alkatearen hitzak entzuteko. Hitzartzeen aurretik, helduen zein haurren danborradetako talde desberdinetako 40 emakumek danbor hotsez bete dute antzokia danborradarik gabeko San Sebastian bezpera honetan, San Sebastian Martxa jota. Eta dokumentala amaitutakoan berriro izan dute danborrak astintzeko aukera emakume danborjoleek, eta eserlekuetan prest zituzten txapak jo dituzte haiekin batera ikusleek: Agurra eta Goizeko Izarra jo dituzte, ekitaldia amaitzeko.

(Argazkiak: Kulturaz)

Emanaldi gehiago Soreasun

Gaurko estreinaldiaren ondoren, datozen egunetan ere izango da Amamaren danborra Soreasun ikusteko aukera. Bihar, San Sebastian egunez, hiru emanaldi izango dira –12:00etan, 16:00etan eta 19:00etan–, eta hilaren 23an zein 25ean ere emango dute dokumentala (19:00etan). Saio horietako sarrerak honako lotura honetan eskura daitezke, doan.