Sansebastianak 2021

Ikastetxeetako haurrek gogotik astindu dituzte danborrak

Ihintza Elustondo 2021ko urt. 19a, 18:31

Ezohiko sansebastianak diren arren, herriko ikastetxeetan ez dute hutsik egin, eta ohi bezala, ikasleak danborra jotzera atera dira jolaslekuetara. Distantzia mantenduz eta maskara jantzita egin dituzte danborradak.

San Sebastian bezpera da gaur, eta festak bere horretan ospatuko ez diren arren, ikastetxeetan ez dute hutsik egin, eta haurrek nahiz gaztetxoek gogotik astindu dituzte danborrak. Ezohiko irudia utzi du gaurko egunak, besteak beste, haurrak distantzia mantenduz eta maskara jantzita atera direlako jolaslekuetara.

Arauak aginduta bezala egin dituzte gaurkoan danborradak Azpeitiko Ikastola Ikasberrin, Iraurgi Ikastetxean nahiz Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko bi eraikinetan. Hala eta guztiz ere, gaztetxoek gogotik astindu dituzte danborrak eta gozatu ederra hartu dute.