Koronabirusa Azpeitian

Lau kasu berrirekin, eremu laranjan jarraitzen du Azpeitiak

Juan Luis Romatet 2021ko urt. 19a, 13:41

100.000 biztanleko hamalau egunetako herriko intzidentzia tasa 413,93koa da gaur-gaurkoz. Bestalde, Hego Euskal Herrian gora egin dute kasuek; 1.132 kasu berri hauteman zituzten atzo, astelehena.

Hirugarren olatuaren aparrean, beste 21 positibo zenbatu zituen atzo Osakidetzak Urola Kostan. Azpeitian egoera ez da samurra, eta atzo, astelehena, joan diren egunetan baino positibo gutxiago zenbatu bazituzten ere –zapatuan hamabi zenbatu zituzten, herenegun sei eta atzo lau–, 100.000 biztanleko hamalau egunetako herriko tasa 413,93koa da, eta eremu laranjan jarraitzen du Azpeitiak.

Bestalde, Orion detekatu zituzten eskualdeko kasu gehien –bost guztira– eta 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako kasu metatuen tasak gora egin du herri horretan: 554,47ko intzidentzia tasa zuen herenegun, eta 636,01ekoa atzo. Eremu gorrian sartuta jarraitzen du Oriok, eta ondorioz gaurtik herria itxita dago: 500eko langa jaitsi arte ezingo da sartu-irtenik egin herritik.

Eremu gorrian jarraitzen duen eskualdeko beste herri bat Zumaia da. Atzo beste hiru kasu zenbatu zituzten, eta intzidentzia tasak bere horretan jarraitzen du. 926,02ko tasarekin, 5.000 bizilagunetik gorako herrietan Gipuzkoako handiena izaten jarraitzen du. Gaur egun zazpi udalerri daude Gipuzkoan eremu gorrian.

Azpeitian bezala, Azkoitian ere semaforoak laranja kolorean piztuta jarraitzen du. Atzo bi kasu izan zituzten Azkoitian, eta kasu metatuen tasak zertxobait gora egin du han, 358,84tik 367,19ra.

Eskualdeko beste bi herritan izan zituzten atzo positiboak: lau Zestoan, eta hiru Zarautzen. Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Getarian ez zituzten atzo kasu positiborik izan.

Kasuak gorantz Hego Euskal Herrian

Neurriak zorrozteak ez du oraingoz emaitzarik eman Hego Euskal Herrian. 1.132 kasu izan ziren atzo, eta egindako proben positibotasun tasak oso goian jarraitzen du. 10.755 PCR eta antigeno proba egin zituen atzo Osakidetzak, eta 894 lagunek eman zuten positibo, %8,3ko positibotasun tasarekin. Bizkaian izan ziren atzo kasu gehien –530–; 132 baieztatu zituzten Araban, eta 227 Gipuzkoan. Beste jatorri batzuetako bost positibo ere izan ziren atzo. 82 lagun ospitaleratu zituzten atzo Osakidetzako erietxeetan, "COVID-19ak eragindako gaixotasunengatik". ZIUn, berriz, 96 lagun zeuden atzo.

Nafarroan, berriz, 2.724 proba egin zituen astelehenean Osasunbidek, eta 238k eman zuten positibo. Lurralde horretako positibotasun tasa %8,7koa zen atzo; zenbateko handia da, baina bezperan izandako %11,7tik hiru puntu jaitsi da.