Sansebastianak 2021

Herriko bozgorailuetatik eta Naiz irratitik entzun ahal izango dira danborradako piezak gaur gauean

Julene Frantzesena 2021ko urt. 19a, 12:08
Balkoi bat sansebastianetarako apainduta.

23:45ean hasita, danborradako hainbat pieza entzun ahal izango dira herriko bozgorailuetatik eta Naiz irratitik (91,8 FM frekuentzia), eta herritarrek danborrak balkoietatik astintzeko aukera izango dute. Behin egitasmoa bukatzean, isiltasuna mantentzeko deia egin du udalak.

Ohiko danborradarik ez, baina danbor hotsak izango dira gaur gauean herrian, edo behintzat, deialdia egin dute Azpeitiko Udalak eta danbor taldeek. Izan ere, 23:45ean hasita, danborradako hainbat pieza entzun ahal izango dira herriko bozgorailuetatik eta Naiz irratitik (91,8 FM frekuentzia), eta herritarrek danborrak balkoietatik astintzeko aukera izango dute.

Gauerdiak jotzean San Sebastian martxa eta beste pare bat abesti entzun ahal izango dira, eta horiekin amaituko da danborrada sinbolikoa. Hori dela eta, behin abestiak bukatzean isiltasuna mantentzeko deia egin du udalak. Horrez gain, "pandemia baten erdian" izanik, arauak errespetatzeko eta arduraz jokatzeko deia egin du erakundeak.

Aurretik, 22:30etik 23:45era bitartean zuzeneko saioa eskainiko dute Uztarriak eta Erlo telebistak, udaletxetik. Iazko moduan, Mireia Galarzak eta Ignacio Arakistainek aurkeztuko dute ordubete pasatxoko saioa, eta hainbat gonbidatuk parte hartuko dute bertan. Gainera, hainbat elkarrizketa eta erreportaje ere ikusi ahal izango dira. Saioa bukatzean, berriz, danborradako irudi zaharrekin osatutako bideo emango dute bai Uztarria.eus-ek, bai Erlo Telebistak –Youtuben ere ikusi ahal izango da zuzeneko emanaldia–.

Gainera, 19:00etan, Amamaren danborra dokumentala aurkeztuko dute, Soreasu antzokian. Aurretik ekitaldia egingo dute, eta hainbat emakume danbor jotzailek parte hartuko dute bertan; izan ere, gaur dira 40 urte emakumeak lehen aldiz Azpeitiko danborradan atera zirela.