Babestutako edukia

Barrura begiratzeko leihoak

Uztarria.eus 2021ko urt. 20a, 20:00

Eguneroko pasarte txikiek, bizipen bakoitzak, zirrarek eraikitzen gaituztela sinetsita, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain ikaskuntza ahalbidetuko dieten egoera esanguratsuak eskainiko dizkiegu zuen seme alabei. Zuek ere gure kontakizunen protagonista izatea nahi dugu. Zain gaituzue.

Aurten ere belaunaldi berri bat ate joka ari zaigu eta udazkenean ongi etorria eginen diogu Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain. Askok ezagunak izanen dituzte Izarraitzeko magaletako larreen kolorea, neguko haize zorrotzaren fereka, talo usaina, plazako danbor hotsa, hego haizearen hatsa... bizipen horiek euren izatearen barne-barnean izanen dituzte gordeak. 

Beste hainbatek, berriz, bestelako paisaiak izanen dituzte iltzatuta euren begi ninietan: Tindufeko hondar eta hartxintxarrak, Loibako labarrak, Agramunteko mahastiak, Marrakecheko zokoetako kale bihurriak… Tamainaz txiki izanen dira datozkigun umeak baina bizipenak dagoeneko, ugariak izanen dituzte euren baitan bilduak.  

Haur horiek topo egingo dute gurean, eta mugimenduan den mosaiko koloretsu bat izanen gara aurrerantzean, anitza, bizi-bizia. Puzzlea osatuko bada, pieza guztiek bat eginda izanen baita. Orduantxe azalduko zaigu aurtengoaren benetako islada: eleak, begiradak, asmoak, irribarreak, galderak, haserreak, algarak, ametsak, adiskideak. 

Haur hezkuntzan hainbat motatako ekosistemak prestatu ditugu gure txikientzat. Lehen hezkuntzan hauspoa emango diegu ikasleen berezko interesei.

Ikastola pertsonek —haurrek, familiek, hezitzaileek, sukaldariek, garbitzaileek...— eta elkarren arteko harremanek osatzen duten sistema gisa ulertzen dugu.

Haur hezkuntzan hainbat motatako ekosistemak prestatu ditugu horregatik, gure txikientzat. Material desberdinak aurkituko dituzte bertan: naturako elementuak —ura, hondarra, egurra, harriak, jakiak, hostoak...— zein eraldatuak. Haurrei esperimentaziorako, deskubrimendurako eta garapenerako bidea ematea dugu xede.

Lehen hezkuntzan hauspoa emango diegu ikasleen berezko interesei. Norberaren erritmoa errespetatuz, ikaskuntza autonomoa bultzatuz, adin desberdinetako kideen artean zubiak eraikiz, elkarrengandik ikasteko guneak eskainiz. 

Kaleak eta herriko txokoak ere gure eguneroko espazio bihurtu nahi ditugu: Izarraizko atea parkea, okindegia, Loiola, azoka plaza, Xaguxatar ibilbidea... Azpeitiko paraje eta jendearekin interakzioan, harat eta honat ibiliko gara. Aire zabalean arnasa hartu, txanpon trukean trebatu, inurrien lana behatu... gizartea eta natura uztartuz.   

Gure jarduna ezagutu nahi? Ikastolako komunitatea osatzen dugunon izen propioz eta gure arteko hartu emanen hitzezko argazkiak dituzue honatx:  

Esperimentazio gunea

2 urteko gelan bada gaur zalaparta. Eta zer dela eta? Han atera du eta andereño Amaiak txokolate tableta eta umeei erakutsi, ontzaz ontza puskatzen ari dela. Lapikoan sartu ditu pusketak gero eta sueztitu. Handik denbora gutxira usain goxoa barreiatu da gelan. Ontzi txikietan isuri du maistrak txokolate urtua: batean mamitsua; meharra, bestean. Paretak paperez ditu estaliak ordurako. Lanari ekin diote umeek: hasieran zalantzati, lotsarik gabe gero. Hatzak, eskuak, zikindu dituzte; papera zipriztindu. Tantak, marrak, zirriborroak. Arane Haizeari hurbildu zaio eta han esan dio: txokolate tanta duzu ezpain ertzean! Haizeak mingaina pasatu du ezpainen gainetik. Tantaz tanta egunaren gozoa ospatu dute biek. 

Mugimendu gunea

Julen urduri iritsi da gaur ikastolara. 3 urteko gelakoei Mari jainkosa datorkie bisitan eta entzunak dituzte Mariri buruzko kondairak. Julenek ez luke nahi hark begitan hartzerik, hasarretzerik, ekaitza sortzerik. Oroitz maisua etorri zaio patiora bila, eta hara sorpresa, Ikastola barreneko pasabidea ikusita! Kobazulo itxura hartu du, harkaitz eta harri, izotz burruntziak zintzilik. Oroitzek tentuz ibiltzeko esan die txikiei, Marik ez du nahi izaten berak baimena eman arte ikusterik eta horrela, jarri dira ilaran, banan-banan. Atzeraka hasi dira oinez, elkarren babesean daudela sentituz, taldean arituz. Zer gertatuko ote da gelan? Ikusiko al dute Mari bertan? Hau da irrika, hau da egonezina… Mendian gora joan omen da, eta han doaz ume guztiak eskalatzeko paretara, hantxe izanen da eta, goren-gorenean. 

Arte gunea

Araitzek bere barneko leihoa irekitzen digu sarri. 4 urte ditu, arte gela du maiteena eta bertara jotzen du aukera duen guztietan. Bata jantzi, pintzelak eskutan hartu eta kolore paletara hurbiltzen da. Puntatik, oso gertutik, heldu dio pintzelari, bertatik marraztuko duenak ihes egingo ote dion beldurrez. Hezitzailea hurbildu zaio eta pintzelari nola eutsi azaldu dio goxo, astiro. Araitzek onartu ditu bere aholkuak eta konfidantza gehiagoz ekin dio trazo batzuk egiteari, gora eta ezkerrera, behera eta eskuinera, pintzela aldatu eta txikia hartu. Puntu bat hemen, lerro bat han, luma, hegoa, mokoa… Han azaldu da paperean ordu arte bere barneko leihoan zen hura. Eta hasi zaigu, txio-txioka. 

Hizkuntza gunea

Estherren ahotsean entzun dituzte aurrenekoz artzain gezurtiaren ibilerak 5 urtekoek. Begiak zabal-zabalik, belarriak erne eta ipurdia lurrean itsatsirik. Barre algaraka aritu dira Inaxio artzaina herritarrez trufatzen zen bitartean eta ongi ikasi dute lezioa, amaieran: esaera zaharrak dioenez, "lagun txarra baita gezurra". 

Ibaik bota du orduan: ez al da ederra geratuko ipuina antzeztuta? Eta han hasi da, liburua hartu eta narratzaile, ahoz gora, testua berrirakurtzen edo tira, berrasmatzen. Berehala lotu zaizkio Abbas, June, Auritz, Naomi eta Aitor ere: pasarteak elkarri kontatuz, elkarri entzuteko parada hartuz, intonazioa aldatuz, pertsonaiak gorpuztuz... Asteak igaro dituzte horrela, hizkiek hitzak ekarririk, hitzek esaldiak josiz, esaldiak istorioaren sokari lotuz eta istorio horien bitartez euren historia ere, oharkabean, idatziz. 

Zientziaren bidean, kotxeak ziztuan

Goizeko hamarrak eta bost. Kanpoan hotz da eta barruan berriz giroa bero. Gaur LHko lehen zikloan abiadura eta marruskadura kontzeptuak ari dira ikertzen Big Bang-en. Ohol batzuk erabiliz, zirkuitua prestatu dute eta hiru kotxe lehian aritzeko prest dituzte. Bi esperimentu eginen dituzte: zirkuitu berean arituko dira kotxeak batean, eta oztopoak gehituz bigarrenean: harritxintxarrak, putzuak, harlauzak. Hasi aurretik kotxearen ezaugarriak aztertu dituzte: pisua, tamaina, potentzia. Hezitzaileak hipotesiak eskatu dizkie ikasleei: zein izango ote da helmugan lehen? 3, 2, 1 abiatzera!

Maitematika

Gogoan du Marijok zenbakien dantzak zer nolako ajeak ekarri ohi zizkion gaztetan.  Ezin begirik bildu, ohean, gora begira pasatzen zituen segunduak, minutuak, orduak, esaminaren bezperatan. Ardirik ez, ordea, zenbakiak ageri zitzaizkion haren etxeko sabaian eta paretan. Egun, hezitzaile gisa, jolasa du erreminta Infinito gunean. Eta ikasleak irrikaz ikusten ditu gelan: Koxk krokodrilo batutzailean puxtarriak jaurtitzen dituztenean, dominoan jolasten ari direla biderketak lantzen dituzten bitartean... 

Belaunaldien arteko zubi

Ilobaren gelara gonbidatu dute gaur amama Kontxi: Oikos ikasgaiko gelan sartu orduko han ikusi ditu gaztetxoak, eserita, ilargi erdia osatuz, denak hari begira. Prestatu dioten aulkirantz abiatu da eta pauso bakoitzeko sentitu du oin bat zahartzaroan duela eta bestea, bere haurtzaroan. 

Oroitzapenen kutxa ireki du pixkanaka:  Eliz kalean jaioa, begitartea ilun, gogoratu du egurrezko  etxean krask, krask, saguen karraska etengabea entzuten zenekoa edota bi sosen truke amarekin espartinak josten aritzen zenekoa... baina irribarrea marraztu zaio ezpainetan gosaritarako esnea eta ogia zuela bere faboritoa esan dienean. Amaieran, atera du zakua bete kanika. Eta han hasi da lurrerantz jaurtika! Laster ditu gaztetxoak bere inguruan, ikasteko eurek ere ondo, teknika.