Erretratua

Miren Gorrotxategi: "Niretzat txikitatik izan da gozamena idaztea"

Nagore Aizbitarte 2021ko ots. 3a, 09:06
(Olatz Alkorta)

Txikitatik izan du idazteko zaletasuna Miren Gorrotxategik (Azpeitia, 1981), eta azkenengo lau urteetan bi liburu ondu ditu. Idazteko afizioa irakaskuntzarekin uztartzen du, eta gaur egun, euskara irakaslea da Urola Ikastolan. 2021eko urtarrileko Uztarria aldizkarian bera da Erretratua atalaren protagonista.

Hainbat arlotan murgildu da Miren Gorrotxategi bere ibilbide profesionalean zehar. Itzulpengintzan lizentziatua eta Turismoan diplomatua da. Hotel Zuzendaritzako master bat eta Bigarren Hezkuntzako irakasle masterra ere baditu. Irakasle ere izan da zenbait unibertsitatetan. Gaur egun, irakaskuntzaren eta idazketaren munduan dabil murgilduta.

Gorrotxategik gogoan du orri zuriaren aurrean jarri eta lehen lerroak idatzi zituen sasoia: "Niretzat txikitatik izan da gozamena idaztea". Hizkuntzak ziren haren irakasgai gustukoenak; izan ere, idazlanak egiteko aukera ematen zioten saio horietan. Nerabezaroan ere eutsi zion idazteari, eta "lehiaketaren bat ere" irabazi zuen. Urteek aurrera egin ahala, ordea, gutxiago idazten hasi zen. Literatura irakurri bai, baina lanagatik eta eguneroko bizimoduagatik, "oso gutxi" idazten zuen.

Urteek aurrera egin zuten, eta 2014. urtean, Madagaskarrera boluntariotza egitera joan zen. Han igarotako egunetan "denbora libre asko" izaten zuen. Argindarra mugatuta zuten, eta ez zegoen Internetik. Egoera horren aurrean, irakurri eta irakurri aritu zen, eta momentu batean, zera bururatu zitzaion: "Eta zergatik ez naiz berriro idazten hasten?". Bidaia haren ondoren, "istripu txiki" bat izan eta beste hilabete bat etxean igaro behar izan zuen. Ordura arte idatzitakoa hainbat lehiaketatara aurkezten hasi zen, eta 2015ean Agustin Zubikarai bekaren deialdian saritu zuten. Beka horri esker, 33 ezkil liburua argitaratu zuen 2016. urtean.

Idazleak aitortu du liburua idazten ari zen bitartean ez zela "kontziente" ondoren jendeak bere lana irakurriko zuela. Hainbat zalantza izan zituen bidean: "Harrera ona izango al du? Gustatuko al zaio jendeari? Argitaratu ondoren, zer?". Dena dela ere, liburuak oso harrera ona izan zuen eta emaitzarekin "oso gustura" dago Gorrotxategi. Lan horren ibilbidea, ordea, ez zen orduan amaitu. Liburua argitaratu eta denbora gutxira, Joanes Urkixo idazlea jarri zen berarekin kontaktuan, eta hark esan zion liburuan oinarritutako filma egiteko aukera ikusten zuela. Eta hala izan zen: Imanol Rayo zuzendariak, 33 ezkil liburua oinarri hartuta, Hil kanpaiak filma estreinatu zuen 2020ko Donostiako Zinemaldian. Prozesu "hunkigarria" izan zela adierazi du idazleak. Harentzat "ederrena" liburuari "espero ez nuen bizitza berri" bat ematea izan zen.

Hil kanpaiak filma ez da izan idazlea zinemaren munduarekin lotu duen proiektu bakarra. Izan ere, joan den irailean estreinatu zen Korosagasti filmean gidoilari lanetan ibili zen Gorrotxategi, Alaitz Olaizolarekin batera. Proiektuan parte hartzea proposatu zioten unean, Parisko Unibertsitatean euskara irakurlea zen azpeitiarra. Hori dela eta, distantziara jardun zuen kolaboratzen. Dena den, uste du arlo horretan jarraitzeko "formakuntza behar" duela, eta oraingoz ez daki gidoilari lana errepikatuko duen.

'33 ezkil'-en aurkezpenean, Xabier Mendigurenekin. (Elkar)

2017. urtean, Urola Kostako Hitza egunkarian hasi zen iritzi emaile gisa kolaboratzen. Proposamena iritsi zitzaion, eta "saltsa askotan sartzea gustuko" duenez, baiezkoa eman zuen. Bere buruari helburu bat jarri zion: "Eztabaidak sortzea". Gustuko zituen gaiak edota gehien kezkatzen zutenak aukeratzen zituen. "Ondoren sortzen ziren eztabaidek betetzen ninduten lan hori egiteko orduan". 2020an utzi du jardun hori: "Urte zaila izan da, eta zerbaiti ezetz esan behar nion".

Proiektu ezberdinetan murgilduta zebilen arren, idazten jarraitu zuen Gorrotxategik, eta 2019an (H)ilbeltza bekara aurkeztu zen. (H)ilbeltza Baztango euskal nobela beltzaren jaialdia da, eta Vianako bihotza sormen lan proiektua aurkeztu zuen hara. Horren ondorio da jada eskuragarri dagoen Sotoan gordeak liburua. Liburu horren bidez, berriro ere nobela beltzean barneratu da, edo idazleak esaten duen moduan, "gris iluna" da eleberria. Izan ere, haren arabera, irakurleak ez ditu aurkituko nobela beltzean ohikoak diren gaiak. Bikote harreman batekin hasten da liburua, baina laster familia bateko gauza ilunetan sakonduko du lanak. "Gauza asko esaten ez diren kontuetan agertuko dira", dio idazleak. Emakumeen presentzia ere "nabarmena" da kontakizunean. Idazleak aitortu duenez, berarentzat "errazagoa" da emakume baten ikuspuntutik idaztea: "Bigarren nobela honetan, hasieratik garbi eduki nuen emakume baten edo zenbait emakumeren bizipenak kontatu nahi nituela, eta horregatik dute pisu handia".

Orain arteko lanetan nobela beltza landu du azpeitiarrak, eta hori ez da "kasualitatea" izan. Gorrotxategik dio bera "erraz moldatzen" den generoa dela. Hala ere, beste genero batzuetan murgiltzeko asmoa ere badu. Besteak beste, gazte literaturak erakartzen du, "gertutik bizi" duen gaia delako, baina arlo hori lantzea oraindik "ideia bakarrik" dela azaldu du.

Sotoan gordeak liburuak laster hasiko du bere "ibilbidea", eta Gorrotxategik adierazi duenez, "bere denbora" eman nahi dio liburuari. Hori dela eta, oraindik ez dauka beste nobela luze bat idazteko asmorik. Horrez gain, azken proiektua "kostatutako lana" izan dela baieztatu du. Konfinamenduak eragin zuzena izan zuen horretan, eta idazteko denbora asko eduki arren, "kontzentratzeko arazoak" izan zituela azaldu du idazleak.

Dena den, argi dauka etorkizunari begira idazten jarraitu nahi duela. Lehenengo liburua atera zuenean zaila egiten zitzaion bere buruari "idazle etiketa" hori jartzea. Zertan lan egiten duen galdetzen diotenean, oraindik ere kostatu egiten zaio idazlea ere badela esatea. Bigarren liburua amaitzeak izaera berri hori onartzen lagundu dio: "Liburu honek, nola edo hala, balio izan dit neure buruari baieztatzeko, irakaslea izateaz gain, idazlea ere banaizela".

Motzean

Jaiotze data: 1981eko uztailaren 10a.
Ikasketak: Itzulpengintzan lizentziatua eta Turismoan diplomatua. Hotel zuzendaritzako master bat eta Bigarren Hezkuntzako irakasle masterra ere baditu.
Lanbidea: Irakaslea eta idazlea.
Irakasle edo idazle ez banintz… Ostalaritzarekin eta turismoarekin erlazionatutako zerbait egiten ibiliko nintzateke.
Lanetik ateratzean gogoko dut... Irakurtzea eta film bat edo telesail bat ikustea.