Ane Bastida: "Barru guztiak mugitu dizkidan zurrunbiloa izan da Hesian"

Julene Frantzesena 2021ko urt. 18a, 12:11
ZuriƱe Hidalgo eta Ane Bastida Hesianen kontzertu batean. (Saioa 'Gauilunak')

Hamabost urteren ostean, Hesian taldeak bukatutzat eman du ibilbidea. Atzo, igandearekin, jakinarazi zuen erabakia taldeak sare sozialen bidez, eta asko eta asko izan dira albistea penaz hartu duten eta taldeari babesa agertu dioten zaleak. Ane Bastida (Azpeitia, 1987) taldeko baxu-jotzailea izan da azken bost urteetan, eta Uztarria.eus-i azaldu dionez, "hunkituta" dago, agurra iragartzen den egunak "halakoak" izaten direlako.

Nolatan hartu duzue Hesianen ibilbideari bukaera emateko erabakia?

Hasiera guztiek izaten dute amaiera, eta gure unea iritsi dela erabakitzea zaila izan zen arren, ziklo hau bere bukaerara iritsi den sentipena genuen. Ez dela gustatuko litzagukeen eta taldeak zein jarraitzaileek merezi duten amaiera izan? Bai. Ziurrenik, gutako edonori Hesianen ibilbideari bukaera nola emango geniokeen galdetuta, bestelako agur bat irudikatuko genukeen, baina bizitzen ari garen egoerak uzten zigun aukeren artean hauxe iruditu zaigu duinena.

Zer izan da Hesian zuretzat?

Barru guztiak mugitu dizkidan zurrunbiloa izan da. Pertsona ezin hobeak ezagutu ditut; denak oso desberdinak eta zein baino zein zoroagoa. Familia handi bat sortu dugu, lan pila bat egin dugu, elkarrengandik ikasi dugu eta elkarrekin hazi gara. Barre egin dugu, baina negar ere bai behar zenean, eta momentu larrietan taldekideen babesa eta berotasuna izan ditut hasieratik. Ezin dut hitzez azaldu Hesian zer izan den niretzat, baina badakit taldearekin bizitako guztia ez nukeela ezertxogatik aldatuko.

Zer eman dizu taldeak bost urte hauetan?

Nire lehen kontzertua 2016ko abenduan izan zen, Durangoko Azokan. Ongi gogoratzen dut kontzertu hura; izan ere, Hesianen hamargarren urteurrena zen eta Plateruena antzokia beteta zegoen. Ni oso urduri nengoen, baina etapa berriari begira, ilusioz beteta. Orduztik, urte asko pasatu ez badira ere, kontzertu pila bat, sormen prozesuak, diskoa argitaratzea, entseguak... bizitzeko aukera izan dut, eta taldekideekin hazteko eta asko ikasteko aukera izan dut. Horrekin batera, kontzertuetako goraldiak, kontzertu aurreko urduritasunak, kontzertuetatik etxerako bidaietako barreak eta donuts jateak, familia berri bat, lagun berri pila bat eta jarraitzaileen berotasuna eta babesa nirekin daramatzat.

Proiekturik ba al duzu eskuen artean?

Garai hauetan zaila da proiektuez hitz egitea, egoerak ez baitu batere laguntzen. Dena den, espero dut nire ibilbidea hemen ez amaitzea; oraindik zapaldu ez ditudan agertoki asko gelditzen dira. Hemendik aurrera, laean jarraituko dut, eta ahal dudan toki guztietan muturra sartzen saiatuko naiz, orain arte bezala.

Musikarion egoera zaila aipatu duzu. Zer egoera ari zara bizitzen?

Musikak asko ematen digu, baina askotan ez dira ikusten atzean dauden lana eta esfortzua. Gure erakusleihoa edo ikusten dena kontzertuak dira, baina horiek eskaini ahal izateko ordu pila bat pasatzen ditugu entseguetan, abestiak sortzen, grabatzen, zuzenekoak prestatzen... Eta hori dena gehienok musikarekin zer ikusirik ez duen beste ogibide bat dugula kontuan izanik.

COVID-19ak ekarri duen nahaspilak are gehiago zaildu al du musikarion jarduna?

Lehen ez zen erraza, eta horri gaur egun bizi dugun ziurgabetasun egoera gehitu behar zaio; egun batetik bestera aldatzen dira baldintzak, murrizten dira pertsona mugak, kontzertuak bertan behera gelditzen dira eta emanaldietara joan daitezkeen herritarren baldintzak ere aldatu egin dira. Entseguak egitea ezinezkoa da askotan, pertsona gehiegi garelako edota ezin dugulako entseatzen dugun tokira bidaiatu. Espreski musikan arituz gero hori guztia kudeatzea zaila bada, imajinatu zure lan orduen ondoren hori guztia kudeatzen saiatzea zer izango den; ia ezinezkoa da. Tristea da kulturari egiten ari direna; badirudi ahaztu egin garela konfinamenduko egunak zerk alaitu zizkigun eta zerk koloreztatu zituen etxeko hormak.