Euskadiko Triatloi Federazioko presidente izendatu dute Iban Perez Azpeitiko bizilaguna

Julene Frantzesena 2021ko urt. 18a, 09:00
Iban Perez. (Goiena.eus)

Azpeitiko bizilagunaren hautagaitza izan da aurkeztu den bakarra, eta beraz, bera izango da Euskadiko Triatloi Federazioko presidente datozen lau urteetan. Gipuzkoako federazioko presidente karguari uko egin behar izan dio, bi karguak ez direlako bateragarriak. Azpeitiko Izarraitz igeriketa elkarteko entrenatzailea ere bada oñatiarra.

Iban Perez (Oñati, 1986) Azpeitiko bizilaguna da Euskadiko Triatloi Federazioko presidente berria. Izan ere, joan zen astean bukatu zen Euskadiko Triatloi Federaziora hautagaitzak aurkezteko epea, eta Perezena izan da aurkeztu den hautagaitza bakarra. Beraz, bera izango da presidentea datozen lau urteetan.

2016az geroztik Gipuzkoako federazioko presidente karguan egon da Perez. Lehendabizikoz 2012an izendatu zuten kargu horretarako, eta iragan abenduan bigarrengoz. Orain, baina, Gipuzkoako federazioko presidente karguari uko egin behar izan dio, bi karguak ez direlako bateragarriak. Horrenbestez, Euskadiko federazioko presidentea izango da aurrerantzean, eta beste norbait izendatu behar dute Gipuzkoakorako.

Oñatiarrak urte asko daramatza trialoiari lotuta. 18 urte zituela egin zuen aurreko duatloia Oñatin, eta ordutik, kirol horri erabat lotuta egon da bere egunerokoa. Oñatiko Aloña Mendi Triatloi taldeko presidentea izendatu zuten 2014an, Gipuzkoako Triatloi Federazioko presidente 2016an eta Azpeitiko Izarraitz igeriketa elkarteko entrenatzailea ere bada.