"Ikas baldintzei aurre egiteko eta ikasleok pairatzen dugun infantilizazioarekin amaitzeko sortu da IKAS”

Maialen Etxaniz 2021ko urt. 15a, 16:47
Jokine Jimenez eta Unax Gaztañaga IKASeko kideak. (Maialen Etxaniz)

Badira hilabete batzuk Urola Erdiko Ikasle Autodefentsa Sarea (IKAS) lanean hasi zela, Azpeitiko Ikasle Autodefentsa Sarearen (AIAS) lekukoa hartuta. Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa da IKASen lan esparrua, eta ikasleen baldintzak hobetzea da eragilearen xedea, besteak beste. Jokine Jimenez eta Unax Gaztañaga IKASeko kideak dira, eta haiekin solasean aritu da Uztarria hezkuntza eremuko eragile berriaren jarduna xehetasunez ezagutzeko. 

Zer da IKAS?

Ikasle Autodefentsa Sarea egungo testuinguruan heziguneetan azaleratu diren beharrei erantzuteko eta ikasle langileon interesak defendatzeko sortutako tresna da.

Zein testuingurutan eta zein helbururekin jaio da ikasle autodefentsa sarea?

Pandemiaren ondorioz, azaleratzen ari den krisi testuinguru honetan jaio da. Batetik, hezkuntza esparruan ikasleon baldintzen okertzeari aurre egiteko, osasun bermerik gabe ikasgeletara itzultzera behartuta egotea, adibidez. Eta, bestetik, pairatzen dugun infantilizazioarekin amaitzeko. Hori beharrezkoa da lehenengo helburua betetzeko.

Urrian aurkeztu zen IKAS. Noiz hasi zineten Urola Erdian antolatzen?

Joan zen ikasturtean, AIAS (Azpeitiko Ikasle Autodefentsa Sarea) antolatzen hasi ginen. Ikasturte honetan, aldiz, eskualde mailan gabiltza lanean, IKAS gisa. Irailean jarri genuen martxan, urriko aurkezpenak prestatzeko nahiz ikastetxeetako egoera aztertzeko.

Aurten, beraz, eskualde mailan arituko zarete lanean Urola Erdiko IKAS gisa. Zer dela eta?

Iazko ikasturtean sortu ziren lehen ikasle autodefentsa taldeak ikastetxeetan. Hala eta guztiz ere, ez geneukan elkargunerik, eta horrek, talde desberdinen arteko koordinazioa zailtzen zuen; izan ere, borroka ezberdinak aurrera eramateko antolakuntza eta batasuna ezinbesteko ditugu. IKASen bidez lan politikoa aurrera eramateko gaitasuna handitu dugula pentsatzen dugu.

Eragilea aurkeztearekin batera aurkeztu zuen IKASek bere programa. Zer lan lerro ditu programak?

Lau dira lan lerro nagusiak: baldintza ekonomikoak eta ikas baldintzak, kontrol soziala, askatasun politikoak eta erasorik gabeko ikastetxeak.

Lau dira lan lerro nagusiak: baldintza ekonomikoak eta ikas-baldintzak, kontrol soziala, askatasun politikoak eta erasorik gabeko ikastetxeak.

Duela gutxi egin duzue aurreneko batzar irekia Azpeitian. Zein gai izan zenituzten hizpide batzar horretan?

Abendu hasieran aurkeztu genuen autoritarismoaren aurkako kanpainaren harira antolatu genuen batzar irekia. Urola Erdiko ikastetxeetan autoritarismoak zer forma hartzen duen eztabaidatu eta maila ezberdinetako ikasleen testigantzak biltzeko elkartu ginen.

Nolako harrera izan du taldeak herriko ikastetxeetan?

Harrena ona izan duela deritzogu. Urrian egindako aurkezpenak nahiz asanblada irekia oso jendetsuak izan ziren. Ikaskideek behin eta berriz esan ohi digute milaka direla aldatu beharreko gauzak. Horretarako dihardugu lanean.

Ikaskideek behin eta berriz esan ohi digute milaka direla aldatu beharreko gauzak. Horretarako dihardugu lanean.

Pandemiak eragin zuzena izan du hezkuntzan. Ikas baldintzak okertu direla pentsatzen al duzue?

Dudarik gabe. Ez dugu osasun bermerik ikasgeletan, eta horren adibide garbia da kutsatu ugari egon dela herriko ikastetxeetan; familia askoren egoera ekonomikoa okertu arren, ikasketak aurrera eramateko behar dugun materiala berdin ordaintzen dugu; konfinamendu ondorengo azterketen eta lanen pilaketak jasaten ditugu...

Horri lotuta, autoritarismoaren eta kontrol sozialaren kontrako kanpaina jarri berri duzue martxan. Zergatik?

Ikasle langileon baldintzak zeharo okertzen ari diren testuinguru honetan, burgesiak boterean jarrai dezan, antolakuntza oztopatzen digun kontrol soziala nabarmen areagotu dute, elkarrekin biltzeko tarterik uzten ez diguten etxeko lanak ezarriz, erabakiei muzin egiten dieten ikasleei zigor autoritarioak jarriz… Beraz, hezkuntza sistemak ikasleria guztiz otzana prestatzeko funtzioa dauka, eta hori ahalbidetzen duen autoritarismoarekin amaitu beharra dagoela uste dugu.

Kanpaina horren barruan abiatu duzue eskualde mailako “aurreneko borroka”. Zer da zehazki lortu nahi duzuena?

Urola BHI Ikastolari astean gutxienez ordu betez gela bat uzteko eskatu diogu. Astero gela desberdinetan biltzen ginen, 15 minutuko tarteetan, eta egoera horretan ezinezkoa zen lan politikoa behar bezala egitea. Aldarrikapen honen bidez, antolatzeko gaitasuna handitzeaz gain, arazoei aurre egiteko borroka ezberdinak martxan jartzea errazagoa litzateke.

Beraz, zuzendaritzari egin diozue eskaera. Jaso al duzue erantzunik?

Bai, atzo elkartu ginen zuzendaritzarekin, eta bertan azaldu genizkien eskaeraren nondik norakoak. Oraindik ez dugu erantzun zehatzik jaso, baina, egia esan, ondo ikusten dugu auzia, zuzendaritzak erakutsitako jarrera ona izan baita.

Epe luzera begirako programa da IKASena, baina ba al duzue asmorik epe motzean beste lan lerro edo borrokaren bat martxan jartzeko?

Lehen esan bezala, Urola Erdiko ikastetxeetako egoera aztertuta daukagu, eta biltzeko eskubidea lortzearekin batera, beste zenbait borroka jarriko ditugu martxan, ikasle langileon onurarako izango direnak.