Koronabirusa Azpeitian

Eremu horira igaro da Azpeitia

Ihintza Elustondo 2021ko urt. 15a, 13:36

Lau kasu positibo zenbatu dituzte Azpeitian, eta 274,45ekoa da intzidentzia tasa gaur-gaurkoz. 300eko langa jaitsita, eremu horida igaro da herria. Eskualdean, Aian, Aizarnazabalen eta Zumaian daude 500eko intzidentzia tasatik gora.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak emandako datuen arabera, lau positibo berri baieztatu zituzten atzo Azpeitian. Azken astean atzemandako kasuak kontuan izanda, urriaz geroztik izan duen intzidentzia tasarik baxuena du gaur-gaurkoz Azpeitiak: 274,45. Horrenbestez, 300eko langatik jaitsita, eremu horira igaro da herria. Dena dela, joan zen astean baino positibo gehiago zenbatu dituzte aste honetan herrian: 28 atzeman dituzte azken astean, eta hamabost ziren aurrekoan.

Eskualdean, berriz, 31 positibo zenbatu zituzten atzo; herenegun baino bederatzi gehiago. Zumaian dute egoerarik txarrena; hamahiru positibo zenbatu dituzte herri horretan, eta 926,02ko intzidentzia tasa dute gaur-gaurkoz. Eremu gorrian segitzen dute herri horretan, eta, beraz, mugek itxita jarraituko dute.

Mugak itxita dituen beste herri bat Aizarnazabal da. Atzo ez zuten batere positiborik zenbatu herri horretan, baina azken egunetako positibo kopurua dela eta, 7.412,22ko intzidentzia tasa dute han; beraz, herritik atera gabe jarraitu beharko dute bertako bizilagunek. Aian ere 500eko langa gainditu dute, atzo zenbatu zituzten bi positibo berriak kontuan izanda; 503,78ko tasa dute han egun. Ikusteko dago oraindik Osasun Sailak astelehenean herri horretako mugak ixtea erabakiko duen ala ez.

Gainontzeko kasu positiboak honako herri hauetan zenbatu zituzten: Orion, lau; Zarautzen, hiru; Azkoitian eta Zestoan, bina; eta Getarian, bat. Herri horien artean, Orion dute intzidentzia tasarik altuena: 407,7ko tasa dute egun, eta eremu laranjan daude herri horretan. Bestalde, Errezilen eta Beizaman ez dute positiborik atzeman azken orduetan.

Hego Euskal Herriko datuak

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 13.224 antigeno eta PCR proba egin zituen Osakidetzak atzo. Horietatik 760k eman zuten emaitza positiboa; %5,6k, alegia. Bizkaian 412 positibo zenbatu zituzten, Gipuzkoan 239 eta Araban 100. Nafarroan, berriz, 226 kasu zenbatu zituzten atzo, bezperan baino hamahiru gehiago. 2.861 proba egin zituzten atzo lurralde horretan, eta %7,9koa da positibotasun tasa.

Osakidetzaren zentroetan 50 lagun ospitaleratu zituzten atzo, eta, guztira, 367 pertsona daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan; horietatik 84 ZIUn. Nafarroan, ZIUko oheen %11,20 daude beteta COVID-19 gaitza duten pazienteekin.