0,4 puntu igo da langabezia tasa 2020. urtean

Andoni Elduaien 2021ko urt. 15a, 10:00

Urte hasieran %8,4 zen langabezia tasa, eta abenduko datuen arabera, %8,8. Guztira, Azpeitian 636 lagun zeuden lanik gabe urtearen bukaeran. Urte bukaerako langabezia tasa Gipuzkoakoaren eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoaren azpitik dago.

Joan zen urtean gora egin zuen langabezia tasak herrian; izan ere, 2020ko urtarrilean %8,4 zen tasa hori, eta abenduan, berriz, %8,8. Lanbidek emandako datuen arabera, baina, zertxobait behera egin zuen abenduan tasak: azaroan %9koa zen tasa. Horrenbestez, urtearen hasieratik bukaerara lau hamarren egin du behera Azpeitiko langabezia tasak. Abenduko datuak kontuan hartuz gero, herriko langabezia tasa Gipuzkoakoako (%9,6) eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batez bestekoaren (%12,1) azpitik dago. Halere, nola Gipuzkoako tasak hala Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoak behera egin dute azarotik abendura artean. Urola Kosta eskualdean, berriz, langabezia tasa %9,8ekoa zen abenduan.

Pertsona kopuruari erreparatuz gero, berriz, abenduaren amaieran 636 lagun zeuden lanik gabe Azpeitian, urtarrilean baino 29 gutxiago. Azaroan, berriz, abenduan baino hamabi langabe gehiago zeuden. Abenduan lanik gabe zeuden herritar guztietatik 275 gizonezkoak ziren –276 azaroan–, eta 361 emakumezkoak –372 azaroan–. Lanbidek zehaztutako adin tarteei erreparatuta, ostera, abenduan 25 urtetik beherakoen artean 59 azpeitiar –28 gizon eta 31 emakume– zeuden langabezian; 25 eta 44 urte bitarteko 319 herritar –137 gizon eta 182 emakume– zeuden lanik gabe; 45 urtetik gorakoen artean 258 lagun –110 gizon eta 148 emakume– zeuden langabeen artean.

Langabeziaren datuak sektoreka nolakoak diren ere zehaztu du Lanbidek: 35 ziren nekazaritza sektorekoak, 141 industriakoak, 29 eraikuntzakoak eta 336 zerbitzuetakoak; hala eta guztiz ere, azken eremu horretako langabe kopuruak behera egin du, hemezortzi lagunek aurkitu baitzuten lana azarotik abendura bitartean. Horrez gain, 95 lagun zeuden lehendik ere enplegurik gabe. 

Eskualdeko datuak

Abenduko langabezia tasa %9,8koa izan zen eskualdean, eta Aizarnazabal da hortik gorako tasa duen Urola Kostako herri bakarra %13,2ko tasarekin. Haren ostean tasa handiena duten herriak dira Zestoa (%9,3) eta Orio (%9,2). Azkoitia, Azpeitia, Getaria eta Zarautz ez beste herri gehienetan egin du gora langabezia tasak; Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen tasa berdin mantendu da azarotik. Langabe kopuruak, halere, behera egin du eskualdean. Aldea txikia bada ere, azaroan 3.296 lagun zeuden Urola Kostan lanik gabe, eta abenduan 3.275 pertsona.

Abenduan eskualdean lanik gabe zeuden lagunetatik 1.467 gizonezkoak ziren, eta 1.808 emakumeak. Lanik gabe dauden emakumeen kopurua gizonena baino altuagoa da eskualdeko herri guztietan. Honako hauek dira Urola Kostako langabezia tasak herriz herri:

  • Aia %6,2 (%6,1 azaroan)
  • Aizarnazabal %13,2 (azaroko berdina)
  • Azkoitia %9,1 (%9,6)
  • Azpeitia %8,8 (%9)
  • Beizama %8,5 (azaroko berdina)
  • Errezil %5,7 (azaroko berdina)
  • Getaria %6,7 (%6,8)
  • Orio %9,2 (%9 azaroan)
  • Zarautz %8,4 (%8,6 azaroan)
  • Zestoa %9,3 (%8,6 azaroan)
  • Zumaia %9 (%8,6 azaroan)