Kaleko argiteria berritzen jarraitzeko proiektu berria osatu du udalak

(Azpeitiko Udala)

Ohiko argiak LED argiekin ordezkatuta, telekudeaketako eta fluxu erregulazioko sistema berria ezartzea da helburua, energia kontsumoa gutxitzeko eta berotegi efektua eragiten duten gasen isurketa gutxitzeko. 755,727,97 euroko aurrekontua du proiektuak eta hori garatzeko dirulaguntza eskatu dio udalak Europako Batasunari.

Kaleko argiteria publikoa berritzen jarraitzeko proiektu berria du esku artean Azpeitiko Udalak. 2014tik ari da udala kaleko argiak LED argiekin ordezkatzen, "faseka". Ordezkapen lan hori indartzera dator proiektu berria. Ohiko argiak LED argiekin ordezkatuta, telekudeaketako eta fluxu erregulazioko sistema berria ezartzea da helburua, energia kontsumoa gutxitzeko –argiztatze sistemaren potentzia instalatua jaitsiz– eta berotegi efektua eragiten duten gasen isurketa gutxitzeko.

Udalak osatutako proiektuak 755,727,97 euroko aurrekontua du, eta Europako Batasunak karbono gutxiko ekonomiara igarotzea errazten duten toki erakundeen proiektu berezientzako zuzeneko dirulaguntzetara aurkeztu du proiektua udalak. Laguntza hori inbertsioaren %50 artekoa izan daitekeela azaldu du udalak, eta hazkunde jasangarrirako EGEF 2014-2020 programa operatiboaren esparruan dago. Proiektu berriak duen inbertsioarekin 1.059 LED argi jarri nahi ditu udalak. "Laguntza jasoz gero, 2021ean eta 2022an, eta behar izanez gero 2023an" gauzatu beharko du proiektua udalak.

Aurreikuspenak bete eta proiektua bere horretan gauzatzen bada, urtean 324.203 kwh aurreztuko ditu udalak energia kontsumoan, 45.697 euro, 1.059 argi berri horiek jarrita. Horrez gain, berotegi efektua eragiten duten gasen isuria ere murriztu egingo da: urtean 179.287 Kg CO2 gutxiago isuriko lituzke Azpeitiko argiteria publikoak argi berriak gehituta. "Udal argiztapena hobetzean fotosintesiaren arazketa efektua ere sortuko luke, gutxi gorabehera 356 zuhaitzek egiten duten antzekoa", azaldu dute.

Argiztapena berritzearen onura ekologikoak azpimarratu nahi izan ditu, bereziki, Aitor Bereziartua Ingurumen zinegotziak: "Klima aldaketari aurre egiteko guztion inplikazioa eta konpromisoa ezinbestekoak dira. Arazoa mundu mailakoa izanagatik, bakoitzak beretik asko egin dezake. Bide horretan, Azpeitiko Udalak konpromiso osoa du klima aldaketari aurre egiteko trantsizio ekologiko eta energetikorako hartu beharreko neurri guztiak hartu, eta garapen jasangarri baten alde lanean jarraitzeko".

2014tik egindakoak

Udalak emandako datuen arabera, 2014tik 2.500 LED argi jarri dituzte herriko argiteria sisteman, eta 742.814 euroko inbertsioa bideratu dute azken urteotan argiteria berritzera, eta 210.351 euro jaso ditu dirulaguntzetan, zeregin hori gauzatzeko.

Kaleko argien orain arteko berriztapenaren onura ekonomikoa zein ekologikoa nabarmendu ditu udalak. "Energia kontsumoari dagokionez, 2014an baino %30 gutxiago kontsumitu zen 2020an; 76.213 aurrezten da urteko fakturan inbertsio horri esker. Hala, iazko kontsumoa 1.308.346 Kwh-koa izan zen", zehaztu du udalak. Bestetik, karbono isuriak "urteko 315.124 Kg gutxitu" dira; zuhaitzen alderaketara itzulita, 626 zuhaitzek egiten duten arazketa efektuaren parekoa litzateke murrizketa.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide