Koronabirusa Azpeitian

Eremu horira gerturatzen ari da Azpeitia

Andoni Elduaien 2021ko urt. 14a, 13:38

Atzo beste lau positibo zenbatu zituen Osasun Sailak herrian, baina hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak behera egiten jarraitzen du: 302,23koa da atzoko datuen ondoren, eremu laranjatik horirako muga markatzen duen 300eko tasatik oso gertu. Urola Kostako herrietan 22 positibo atzeman zituzten atzo, eta 979, berriz, Hego Euskal Herrian.

Azpeitian lau positibo zenbatu zituzten atzo, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak gaur argitaratu duen COVID-19aren bilakaeraren eguneroko txostenaren arabera; azken zazpi egunetan, guztira 27 kasu positibo pilatu dira herrian.

Aste honen hasieran etendako joerari buelta emanez, hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia metatuaren tasak, berriz, behera egiten jarraitzen du. Eremu laranjan dauden herrien multzoan jarraitzen du Azpeitiak –500 eta 300 arteko tasa dutenak daude eremu horretan–, baina eremu horira igarotzetik gertu kokatu da: herenegun intzidentzia tasa 328,52koa bazen, atzoko datuen ondoren 302,23ra jaitsi da.

Urola Kosta eskualdean aurreko bi egunetan baino kasu gutxiago zenbatu zituzten atzo, 22, Azpeitikoak barne. Zumaian baieztatu zituzten positibo gehien, bost guztira. Zumaiak eremu gorriko herria izaten jarraitzen du, eta gainera, azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia metatuaren tasak gora egiten jarraitzen du han. Herenegun baieztatutako kasuen ondoren 783,56an zegoen tasa atzo, baina atzoko probetan atzemandako kasu berrien ondoren gaur 824,26ra igo da; 40 kasu zenbatu dituzte Zumaian azken zazpi egunetan. Ondorioz, ostalaritzak itxita jarraitzearekin bat, bihartik aurrera herria bera ere itxita geldituko da, Jaurlaritzak ezarritako neurri berrien arabera.

Azkoitian lau kasu positibo berri atzeman zituzten atzo. Intzidentzia tasak ere azken egunetako joerari eutsi dio han, eta gora egin du atzo detektatutako kasu berrien ondoren. 325,46an kokatu da tasa gaur, eta eremu laranjan jarraitzen du. Azken zazpi egunetan 27 kasu positibo hauteman dituzte Azkoitian ere.

Orion, ostera, beste bi kasu baieztatu dituzte, baina intzidentzia tasak behera egin du han. 358,77tik 342,47ra jaitsi da tasa Orion; hala eta guztiz ere, eremu laranjan jarraituko dute han. Azken zazpi egunetan Orion hamasei kasu detektatu ditu Osasun Sailak. Zarautzen ere bi kasu hauteman dituzte, eta ez da intzidentzia tasan gorabeherarik izan. Atzo bezala, gaur ere eremu horiko herria izaten jarraituko du Zarautzek, tasa 244,14koa baita han; azken astean hogei positibo detektatu dituzte.

Eskualdeko beste hiru herritan ere zenbatu zituzten positiboak atzo. Aian, esaterako, hiru kasu berri baieztatu ditu Osasun Sailak. Aizarnazabalen eta Errezilen ere hauteman dituzte positiboak, bi herrietan kasu bana. Beizaman, Getarian eta Zestoan ez da agerraldi berririk izan.

1.000 kasuren bueltan

Hego Euskal Herriak 1.000 kasu positiboren bueltan jarraitzen du oraindik. Osakidetzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 13.021 PCR eta antigeno test egin zituen atzokoan –azken egunetan baino gutxiago– eta guztira 771 kasu berri hauteman zituen. Bizkaian zenbatu zuten atzokoan ere kasu gehien, izan ere, 428 lagunek eman zuten positibo. Gipuzkoan, aldiz, 209 laguni detektatu zioten positiboa eta Araban 119 pertsonari. Proba gutxiago eginagatik ere, positibotasun tasa ia puntu bat igo da hiru lurralde horietan, %5etik %5,9ra hain zuzen ere. Nafarroan, bestalde, 208 kasu berri baieztatu zituzten atzokoan Osasunbideak, azken bi hilabeteetako kopururik handiena da hori.  2.691 proba egin zituzten Nafarroan, eta positibotasun tasa %7,7an kokatu da.

Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan 368 lagun daude gaur-gaurkoz Osakidetzako erietxeetan ospitaleratuta; azken egunetako zifrarik handiena da hori. Atzo beste 74 lagun ospitaleratu zituzten, Osasun Sailaren arabera “COVID-19arekin lotuta”. Zainketa berezia behar duten pertsonak, berriz, 83 dira. Gaixotasunaren oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea 1,24an kokatu da; Gipuzkoako batez bestekoa, berriz, 1,16ra igo da atzoz geroztik.