Sansebastianak 2021

Zer dira zuretzat sansebastianak?

Mailo Oiarzabal eta Julene Frantzesena 2021ko urt. 14a, 17:54
Manuel Altuna, Maite Requejo, Maite Bereziartua, Ivet Astiazaran, Irati Aranguren, Koldo Aldalur eta Pili Circujano.

"Zer dira zuretzat sansebastianak?". Galdera hori egin die Uztarriak belaunaldi ezberdinetako zazpi herritarri. Oroitzapenak, bizipenak, emozioak, bitxikeriak... Denetarik pilatu dira erantzunetan. Bakoitzak beretik, Azpeitian urteko lehen festa nagusiari dioten atxikimendua adierazi dute Koldo Aldalurrek, Pili Circujanok, Maite Requejok, Irati Arangurenek, Ivet Astiazaranek, Maite Bereziartuak eta Manuel Altuna Kanpaxak.

Koldo Aldalur: "Sansebastianak oroitzapen festa dira niretzat"

"Hamarren bat urte izango nituen. Arratsalde partea. Atta tailerrean okume zati bat zerratzen, niri danborradaren entsegura lehen aldiz joateko egurrezko 'danborra' egiten. Gero, harro Erdikalean gora, nahiz eta eusteko jarri zion makiltxoak txerratera inguruan nahiko lan ematen zuen, eta San Agustin elizan entsegua. Ilusioz betetako zientoka bat ume, eta guztientzat jantzirik ez, itxuraz.

–Hik aurten ez dek irtengo, ez haiz azpeitiarra eta!

Jakina, nik ez nekien ezin genuela nahi genuen denok irten danborradan, baina azpeitiarrentzat bakarrik zegoela tokia susmatzeak min egin zidan. Eta ni Urolako trenean etorritakoa izan.

Gerora danborrada bertatik bizi izan dut, plazatik eta udaletxetik, gonak jantzita eta jaietako prakekin. Tentsio ikaragarria izan zen urte hura. Udaletxeko mikrofonotik bota beharreko hitzak hamabietako kanpaiei lotu beharra jende artean usaintzen zen tentsioak giroa gaiztotu ez zezan. Eta azpeitiarron eta kanpotik etorritakoen jarrera jatorra, gertatua ahaztu gabe, festa bakean bizi ahal izateko.

Helduen danborrada aurreko afaria. Lehen aldiz emakumeak danborra jotzen gurean. 'Zerbait aldatzen ari da, zorionez. Bazen garaia. Non ikusten ote norbaitek arazoa?'.

Berriro ere gonak jantzi eta presaka afaltzen. Halako batean, hildako kuadrillako lagunen alaba eta semea haien trajeekin atetik sartzen. Maite, Axier... eta Irene, anaia joan berritan. Bizitza eta bere legeak. Malkoak San Sebastian Martxa hastean.

Umeen danborrada karroza eta guzti. Gustura etxeko txikiak. Kolore guztietako neska-mutilak kaleetan. Denak azpeitiarrak, Dakar eta La Paz Zumaia baino urrutiago dauden arren. Pozari ezin eutsi nabil ez publikoa ez pribatua ez den festari begira.

Sansebastianak oroitzapen festa dira niretzat. Gordeta ditudanak eta aurrerantzean sortuko dizkidatenak.

A! Eta San Martin egoitzako egoiliarrak eta herriko beterano eta beterana denak. Zer oroitzapen ote darabiltzate haien buruetan?".

Koldo Aldalur. (Alex Berasategi)

Pili Circujano: "Festa hauek dira nire lotura Azpeitiko herriarekin, eta hori mantendu nahi dut"

"Txikitatik bizi izan ditut sansebastianak. Umea nintzenean, bi talde bakarrik zeuden haurren danborradan: kozineroak eta mikeleteak. Ni kozineroz atera nintzen urte batean, 10 bat urte nituenean. Sansebastianetako giroa asko gustatzen zitzaidan, helduen danborrada eta haurren danborrada ikustea, sokamuturra...

Urteak pasatu ziren, eta Itsasi dantza taldean hasi nintzen. Kuadrillako lagun batzuk ateratzen zirenez, ni ere animatu nintzen. Gero, batzuek danborradan parte hartzeari utzi zioten edo beste elkarte batzuekin hasi ziren ateratzen. Ez naiz gogoratzen zenbat urte daramatzadan Itsasikoekin helduen danborradan ateratzen. Baina, aprobetxatu nahi dut eskertzeko niretzat toki bat gorde izana urte hauetan guztietan.

Turismo ikasi nuen eta urte batzuetan, lanean kanpoan nengoenez, ezin izan nuen sansebastianetan parte hartu; baina oso gutxitan gertatu izan zen hori.

Donostian lana aurkitu nuenean, duela 25 bat urte, bertara bizitzera joan nintzen. Zortea izan nuen, urtarrilaren 20a Donostian ere jaieguna delako. Beraz, 19an lana bukatu eta gero, autobusa hartu eta Azpeitira joaten nintzen. Itsasiko taldekideekin afaltzeko ez nintzen iristen, baina gurasoen etxean zerbait jan eta gero korrika batean dantzalekura joaten nintzen, besteekin elkartzeko, buruko zapiak jartzeko eta guapa jartzeko!

Danborradaren entseguetara ere ezin izaten nuen joan, baina nire ahizpa garai hartan Azpeitiko Bandako partaidea zenez, ba kantuak pasatzen zizkidan, etxean entseatzeko.

Donostian entseguak abenduan hasten dira, eta danbor hotsak entzuten nituen bakoitzean, ez dakit nola esplikatu, baina gauza bat sentitzen nuen nire barnean...

Bi alaba ditut, eta gogoratzen naiz lehenengo haurdunaldian –hiru hilabeteko nengoela– nire bikotekidea beldurtuta zegoela danborradan atera behar nintzelako –bera ez baita ez azpeitiarra, ez donostiarra–. Ginekologoarengana joan ginen, eta haren erantzuna zera izan zen: nik nahi banuen, ateratzeko lasai, arriskurik ez zegoela, haurrari ez zitzaiola ezer gertatuko... Eta noski, bigarrengo haurdunaldian gauza bera egin nuen, danborradan irten.

Alabak ikastolara joaten hasi ziren eta han ere urtarrilaren 19ko arratsaldean danborrada festan parte hartzen zuten. Kresala kultur taldearen danborradan ere parte hartu zuen alaba zaharrenak pare bat urtetan. 18:30ean alaba jantzita eta prestatuta utzi, eta korrika batean ateratzen nintzen autobusa hartzera, Azpeitira joateko...

Azken bi urteetan Donostiako Turismo bulegoan lanean aritu naiz, eta zoritxarrez, urtarrilaren 20an lana egitea tokatu zait... baina horrek ez nau gelditu eta Azpeitiko danborradan parte hartu izan dut.

Lankideekin Azpeitiko danborradari buruz hitz egiten ari nintzela, nire jefeak galdetu zidan ea nola ikusten nuen neure burua, azpeitiarra ala donostiarra... Zera esanez erantzun nion: Donostian bizi nintzela eta nire bi alabak donostiarrak direla. Donostia hiriarekin maitemindu egin nintzela, eta turismo arloan lan eginda, sentimendu hori transmititzen diodala bulegora hurbiltzen den edonori. Baina, beste aldetik, ni azpeitiarra sentitzen nintzela.

Niretzat, Azpeitiko festa onenak sansebastianak dira. Ederra da ikustea belaunaldi desberdinetako azpeitiarrak danborradan parte hartzen, elkarrekin. Nahiz eta Donostian bizi naizen, festa hauek dira nire lotura Azpeitiko herriarekin, eta hori mantendu nahi dut.

Beste festa batzuk ere badaude: saninazioak, karnabalak... baina ez dira gauza bera niretzat. Danborradan gazteek eta helduok bat egiten dugu, eta geroko juergan ere bai".

Pili Circujano (erdian), alabekin eta Itsasiko taldekide batekin, iazko San Sebastian bezperan.

Maite Requejo: "Umea nintzenetik ikusten joan naiz danborradaren eboluzioa"

"Niretzako, ia urteko festa egunik ederrena da San Sebastian eguna, eguneko hiru ekitaldi garrantzitsuenetako parte sentitzen naizelako: helduen danborrada, meza eta sokamuturra.

Gogoan ditut hasierako danborradak. Umea nintzenetik ikusten joan naiz danborradaren eboluzioa: herriko elkarte desberdinak, jantziak, koloreak, eta abar. Danborra jotzen irteten naiz urtero, Julian Barrenetxea Abesbatzaren taldean, gure taldea 2001eko urtarrilaren 20ko banderaren jaitsieran lehen aldiz irten zenetik. Ederra benetan!

Txikitatik asko bizi izan dudan bestea da sokamuturra. Gaztetan hasi nintzen sokamuturrean parte hartzen, 13 bat urte nituenetik orain dela gutxira arte ibili izan naiz zezenean. Gozamena izan da niretzako hainbeste urtetan sokamuturrean parte hartu izana. Gaur egun erretiratu samar nago, baina ahal dudan bitartean, eta sokamuturraren irteera nire etxe aurrean izaten delako, hor izango zezenari naiz ongietorria ematen.

Bestalde, San Sebastian eguneko meza nagusiak ere badu garrantzia nire bizitzan. Gazte nintzenetik parte hartu izan dut hor ere, gaztetan entzule bezala, eta gaur egun abesten. Badira 29 bat urte hasi nintzela abesten Julian Barrenetxea Abesbatzan, eta ordutik urtero izaten gara parrokian San Sebastian eguneko elizkizunean parte hartzen, Parrokiko Abesbatzarekin batera".

Maite Requejo, lehen lerroan eskubitik aurrena, Julian Barrenetxearekin danborradan.

Irati Aranguren: "Barrutik bizitzeko festak dira sansebastianak"

"Sansebastianak gozamena izan dira niretzat. Aukera izan dut jai horiek plazaren barrutik bizitzeko, eta zorteduna sentitzen naiz. Izan ere, duen formatua tarteko, hainbat herritarrentzat ez da erraza danborradan parte hartzea.

Txikitan gastadoreetako kantinera izatea tokatu zitzaidan; ez nuen nahi, eta hamaika malko isuri nituen arren, hantxe irten nintzen, baita gozatu ere. Harrezkero, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko Enparan generalaren taldean zein sukaldarienean atera naiz lauzpabost urtez danborra jotzen. Laudioko danborradara ere joan nintzen nerabezaroan, nire bizkarra hamar aldiz zen Enparan generalaren bandera soinean bildu eta herria zeharkatzera.

Helduen danborradari dagokionez, Ziripotekoekin galdu nuen birjintasuna. Kantinera irten nintzen bandera igoeran eta jaitsieran; urte hartan Sanjuandegi danbor hotsez alaitzeko aukera ere izan genuen. Urteren batean jo ditut txapak Txalintxokoekin. Eta azken urteak bandera astinduz igaro ditut Etxerakoekin; 2018an irten nintzen azkenengoz, lauzpabost urtez bazterrak haizatzen asko gozatuta. Ezin naiz kexatu sansebastianetan parte hartzeko izan dudan aukerarekin. Egia esan, barrutik bizitzeko festak dira; kanpotik ikustea eta barrutik bizitzea ezin dira balantzan jarri.

Oro har, Azpeitiko herriko festak baino gogokoago izan ditut auzoetakoak: hasi Sanjuandegi, Urrestilla, Loiola, eta zer esan Nuarbeko astelehen gauaz! Ez naiz San Inazio martxak edo sansebastianetako gauerdiko kanpaikadek oilo ipurdia jartzen dioten horietakoa, baina saltsa, lagunartea eta bazterrak nahastea gogoko ditut, eta hortik asko dute sansebastianek. Parranda labur baina gartsuak dira.

Oilo ipurdiarekin jarraituz, gogoan dut duela lauzpabost urte San Sebastian bezperako danborradan, Frontoi Txikiaren aurretik pasatzean, gaur egun 60 urte inguru dituen bikote bat eta 85 urte inguruko amona bat txalo joka hasi zitzaizkigula: orduan bai jarri zitzaizkidala ileak tente eta begiak beteta! Horrelako uneetan jabetzen zara soinean duzunak uneko festak baino askoz gehiago esan nahi duela hamaika etxetan, eta are indartsuago astintzen duzu eskuko masta.

Dozena bat urtetik gora plazaren barruan igarota, pena da aurten festak ez kanpotik ez barrutik ezin ospatzea. Datorren urtekoaren zain geratuko gara!".

Irati Aranguren.

Ivet Astiazaran: "Animo denoi, eta astindu etxean danborrak!"

"Txiki-txikitatik gustatu izan zait danborrada. Atte ateratzen zen aurrena, eta denborarekin, anaia eta biak ateratzen ziren. Haiek ikustera joaten ginen, eta beti inbidia pasatzen nuen. Baina danbor jotzaileei begira baino gehiago, zuzendari txikiari begira egoten nintzen. Beti pentsatzen nuen 'noizbait aterako nauk ba ni!'. Urteak pasatu ahala, ikastolan danborradak egin ostean, umeen danborradan ateratzeko aukera izan genuen; izugarrizko ilusioarekin aritzen ginen kalean.

Gero, niri iritsi zitzaidan helduekin ateratzeko aukera, eta gustura gainera, Zezenzaleak taldearekin. Aurreneko aldia berezia izaten da beti, ederra benetan! Gainera, kuadrillakoren bat edo beste ere egokitu izan gara talde berean, eta izugarri ondo pasatu izan dugu. Sei bat urtean-edo atera nintzen danborra jotzen, eta bitan zuzendari gisa; izan ere, zuzendari nagusiak ezin izan du irten azken urteetan, tamalez. Beti izaten da urduritasun puntu bat, baina, egia esan, oso gustura jardun dut azken bi urteetan. Entseguen astea ere ederra izaten da; urduritasunak orduan hasten dira, eta festa usaina sumatzen ere orduan hasten gara.

Danborrada bukatu ostean herrian goizaldera arte izaten den parrandatxoa ere ederra izaten da: beste herrietatik jende pila bat etortzen da eta festa ederra egoten da! Aurten, denok dakigun moduan, ez da beste urteetan bezalakoa izango San Sebastian bezpera, baina zerbait aterako da eta emango diogu gure ukitua sansebastianei! Animo denoi, eta astindu etxean danborrak!".

Ivet Astiazaran Zezenzaleak taldea zuzentzen, zuzendari txikia ondoan duela.

Maite Bereziartua: "Karnabalekin batera, herriko festa politenak eta berezienak dira sansebastianak"

"Gure etxean betidanik izan da egun berezia urtarrilaren 19a. Danbor talde bateko kantinerak eta banderaduna gure etxean janzten dira, eta Gabonak ingurutik hasita, danborrada usainean ibili ohi gara: arropak eta bandera prestatu, kantinera eta banderadun izango direnekin egon... Saltsa polita (niretzat behintzat).

Ekintzetan parte hartu zalea naiz, festa barrutik bizi zalea. Helduen danborradan aurrenengo aldiz Julian Barrenetxea taldearekin atera nintzen, azken orduko baja bat zutela eta arropa libre gelditu zelako. Urte pare batez atera nintzen haiekin. Gustura.

2011n, Gastadoreek danbor taldea atera behar zutela, eta taldean sartzeko aukera suertatu zitzaidan. Zalantzarik izan gabe esan nuen baietz. Bertan zuzendari gisa ateratzeko aukera izan nuen, eta nola ez zidan inporta danborra joz, ezpata eramanez edota zuzendari joatea, baietz esan nuen. 2019an, taldeko zenbaiten artean eginiko apustu moduko bat zela eta, banderadun ere atera nintzen. Gustura.

San Sebastian egun goizeko danborradan ateratzeko aukera ere izan dut bizpahiru urtez, Ardozaleak taldearekin. Eta hor ere gustura jo izan dut danborra.

Festa guztian momentu bat aukeratu behar banu, danborrada hasi aurreko azken minutua izango litzateke, megafoniatik "danborrada hastera doa” entzun eta Hau dek hau abestia hastera doala adierazten digun txistua entzuten den momentua. Momentu berezia, niretzat.

Zer diren sansebastianak niretzat? Karnabalekin batera, herriko festa politenak eta berezienak. Herritarrok herritarrokin batera parte hartuz bizitzeko eta ospatzeko egunak".

Maite Bereziartua, Gastadoreen taldea zuzentzen.

Manuel Altuna 'Kanpaxa': "Herri festa dira sansebastianak, herriaren festak"

"Ondo akordatzen naiz nire haurtzaroko San Sebastian jaietaz, danborradarik gabeko sansebastianetaz. Bezpera arratsalde-iluntzean Banda pasakallean ibiltzen zen. San Sebastian egunean, berriz, goizean udal ordezkariak bandarekin, txistulariekin eta bi tronpetarekin joaten ziren parrokiara, eta gero prozesioan irteten ziren, meza aurretik. Eta meza ondoren, hamabietan, zezena, sokamuturra. Arratsaldean, 16:30ean, sokamuturra. Eta gero dantzaldia plazan, Bandarekin. Baina gauean ezer ez, e, ezta pentsatu ere, ez bezperan eta ez egunean; Bandak gaueko bederatziak aldera emanaldia bukatzen zuenean, akabo sansebastianak.

Don Baltasar eta Don Zezilio apaizek ekarri zuten danborrada. Donostiarrak ziren biak, eta Accion Catolican eta Oargin ibiltzen ziren gazteekin antolatu zuten lehen danborrada. Nik 16 urterekin hartu nuen parte lehen aldiz danborradan. Oargirekin ateratzen nintzen aurrena, eta Gure Ametsa soziedadea sortu genuenetik, soziedadeko taldearekin beti; 1966an irten ginen lehen aldiz, eta 50 urtez atera nintzen Gure Ametsarekin, zuzendari, helduen danborradan.

Baina gure taldea San Sebastian goizeko dianan eta prozesioan ere irteten da, aspalditik, eta goizeko horretan irteten jarraitu dut; gauekoan ja ez, buelta handia izaten da eta nire belaun hauek ez didate uzten eta. Joxe Mari Altunaren ideia izan zen prozesioan ere danborradako taldeak kalera irtetea; San Sebastian Martxa jotzen delako prozesioan ere. Hark proposatuta, gure soziedadea eta Alkartasuna hasi ginen San Sebastian goizean ere danborra jotzen; Alkartasunakoek utzi egin zioten hiruzpalau urtera, eta Ardozaleak soziedadekoak hasi ziren haien tokian. Eta horrela jarraitu dugu, gaur arte. Gero, Kepa Ibarzabalek proposatuta, prozesiotik bueltan meza hasi aurretik parrokia barruan San Sebastian Martxa jotzen hasi ginen. Jendeari asko gustatu zitzaion ekitaldi hori, eta asko gustatzen zaio orain ere.

Niretzat, herri festa dira sansebastianak, herriaren festak. Saninazioak handiagoak dira; kanpoko jendea, zezenak, pilota partidak, eta abar. Baina niretzat, herriarenak sansebastianak dira. Ez karnabalak, ez santotomasak... Horiek ere herrikoak diren arren, niretzat beste kutsu bat dute sansebastianek, txiki-txikitatik".

Manuel Altuna 'Kanpaxa' Gure Ametsarekin barrika jotzaile, 2018ko San Sebastian goizean.