Koronabirusa Azpeitian

Azpeitian bi positibo hauteman zituzten atzo

Dorleta Agiriano 2021ko urt. 13a, 13:57

Intzidentzia metatuaren tasa 328,52ra jaitsi da. Urola Kostako herrietan 26 positibo zenbatu zituen Osasun Sailak atzo, herenegun bezainbeste, eta Hego Euskal Herrian, guztira, 918 positibo gehiago azaleratu dituzte.

Bi positibo berri hauteman zituen atzo Osakidetzak Azpeitian, herenegun baino lau gutxiago. Hamalau eguneko intzidentzia metatuaren tasak ere behera egin du, ostiraletik herenegun arte izandako goranzko joera aldatuta; horrela, atzoko pisitiboak zenbatu ondoren, 328,52koa da tasa hori herrian.

Herenegungo datu berdinak izan ziren atzokoan Urola Kostan: guztira, 26 kasu positibo zenbatu zituzten. Eskualdeko herri batean dago piztuta semaforoko argi gorria, Zumaian, eta hiru daude eremu laranjan: Azkoitia, Azpeitia eta Orio. Zarautz, aldiz, eremu horian da oraindik.

Herenegungo datuekin alderatuta, Zumaian berriz egin du gora atzemandako positiboen kopuruak. 11 pertsonak eman zuten positibo atzoko probetan, eta 800eko langatik gertu kokatu da intzidentzia tasa: 783,56koa da une honetan –712, 32koa zen atzo eta 681,80koa herenegun–. Azkeneko zazpi egunetan 40 kasu izan dituzte Zumaian; gaur sartu dira indarrean LABI aholkularitza batzordeak astelehenean erabakitako neurri berriak, eta horien arabera, eremu gorria izanik, sarrerak eta irteerak debekatuta egongo lirateke Zumaian.

Azkoitian bost positibo detektatu zituzten atzoko probetan, herenegun baino hiru gutxiago. Dena den, gora egiten jarraitzen du kasu metatuen tasak: 292,08koa zen atzo, eta 317,12koa da gaur. Orion, aldiz, herenegun baino kasu bat gehiago izan zen atzo, lau positibo zenbatu baitzituzten. Intzidentzia tasak, hortaz, gora egiten jarraitzen du, eta 358,77koa da gaurkoz.

Aizarnazabalen hiru positibo baieztatu zituen atzokoan Osasun Sailak, aurreko bi egunetan baino bi gehiago –kasu bana izan ziren herenegun eta igandean–. Getarian kasu positibo bat atzeman zuten atzo, aurreko hiru egunetan kasu bakar bat ere ezagutu gabe egon ostean. Kasu metatuen tasa 247,35ekoa da han. Bestalde, Zarauztik etorri da ezustekoa: atzoko probetan ez zen emaitza positiborik izan. Behera egin du intzidentzia tasak ere, eta 244,14koa da orain. Aian, Beizaman, Errezilen eta Zestoan ere ez zuten positiborik detektatu atzo.

918 positibo Hego Euskal Herrian

Azaroaren 21etik erregistratutako positiboen kopuru altuena izan zen herenegun Hego Euskal Herrian, hain zuzen, 979. Atzo zertxobait egin zuen behera hautemandako positiboen zenbatekoak, 918 izan baitziren: 370 Bizkaian, 237 Gipuzkoan, 183 Nafarroan, 114 Araban, eta lurralde horietan erroldatu gabekoen artean beste hamalau.

Herenegun baino proba gehiago egin zituzten atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan –14.000 herenegun eta 14.649 atzo– eta, hala ere, positibo gutxiago detektatu zituzten. Positiboen ehunekoa %6,9koa zen herenegungo datuekin, baina atzoko datuak kontuan hartuta, %5ekoa da gaurkoz.

Atzo 50 pertsona ospitaleratu zituzten hiru lurralde horietan eta, gaur egun, 355 lagun daude Osakidetzaren erietxeetan ospitaleratuta. 78 dira horietatik ZIUn daudenak.