Sansebastianak 2021

'Amamaren danborra' dokumentalaren hainbat emanaldi izango dira datozen asteetan

Julene Frantzesena 2021ko urt. 13a, 10:31

Estreinaldia San Sebastian bezperan izango da Soreasu antzokian, eta zuzenean ikusi ahal izango da webgune honetan. Umeei zuzendutako hiru emanaldi eskainiko dituzte San Sebastian egunean. Ondoren, urtarrilaren 23an eta 25ean ere emango dute. Gonbidapenak bihartik aurrera eskuratu ahal izango dira Azpeitiko Udalaren webgunean, Kulturaz.eus atarian nahiz Sanagustin kulturgunean.

Aurten beteko dira 40 urte Azpeitiko danborradan lehen emakume danborjoleak irten zirenetik, eta urteurren hori ospatzeko egindako Amamaren danborra dokumentala argia ikustear da. Hain zuzen ere, Paola Motok zuzendu duen eta Alaitz Olaizolaren gidoia duen lanaren hainbat emanaldi izango dira datozen asteetan Soreasu antzokian.

San Sebastian bezperan, urtarrilaren 19an, estreinatuko dute lana, 19:00etan hasita, eta ekitaldia ere egingo dute bertan. Hain zuzen ere, ekitaldia eta dokumentala Uztarria.eus-en, Erlo Telebistan nahiz Udalaren webgunean ikusi ahal izango dira zuzenean. Dena den, herritarrek izango dute dokumentala beste egun batzuetan ikusteko aukera ere: San Sebastian egunean, esaterako, hiru emanaldi izango dira –12:00etan, 16:00etan eta 19:00etan–.

Saio horiek haurrei zuzendutakoak izango dira, eta udalak esan duenez, horiengana iristeko "ahalegin berezia" egingo du. "Txikienek ere jakin dezaten zenbait eskubide lana eginez lortu izan direla, eta emakumeen parte hartzea normalizatzeko ibilbide bat egin behar izan dela". Saio horiez gain, baina, beste bi ere eskainiko dituzte: hilaren 23an eta 25ean ere emango dute dokumentala (19:00etan).

Saio horietarako gonbidapenak bihar, osteguna, jarriko dituzte eskuragarri Azpeitia.eus webgunean nahiz Kulturaz.eus atarian. Dena den, sarrerak Internet bidez eskuratzeko aukerarik ez dutenek, Sanagustin kulturgunean izango dute horretarako parada. Gainera, emanaldien egunetan Soreasu antzokiko leihatilan ere izango dira sarrerak.

Paola Moto dokumentalaren zuzendaria estreinaldian izango da egindako lanaren gaineko xehetasunak azaltzen, eta San Sebastian eguneko 19:00etako eta urtarrilaren 25eko saioetara ere joango da azalpenak ematera nahiz herritarren galderak erantzutera.