Kulturazek Shinova, Huntza, Nogen eta Zea Mays taldeen kontzertuak iragarri ditu

Anartz Izagirre 2021ko urt. 13a, 11:00

Shinova eta Huntza taldeen kontzertuak otsailean izango dira, 20an eta 27an, hurrenez hurren. Zea Mays, aldiz, martxoaren 13an igoko da Soreasuko agertokira, eta Nogenek bigarren kontzertua eskainiko du martxoaren 26an. Sarrerak salgai daude dagoeneko Kulturazen webgunean.

Azken urteetan Euskal Herrian ezagun bilakatu diren taldeak igoko dira datozen hilabeteetan Soreasu antzokiko agertokira. Izan ere, Kulturaz kooperatibak lau kontzertu berri iragarri ditu. Batetik, otsailaren 20an Shinova taldearen kontzertua izango da, 19:00etan hasita. Berrizko (Bizkaia) boskoteak 2008. urtean ekin zion bere ibilbideari, eta ordutik hainbat izan dira plazaratu dituzten diskoak; azkena, Cartas de navegacion. Bestetik, otsailaren 27an Huntza taldearen txanda izango da. 19:00etan eskainiko dute kontzertua, eta gipuzkoarrek Ertzetatik eta Xilema diskoetako abesti ezagunak joko dituzte agertokian, besteak beste.

Martxorako ere bi emanaldi garrantzitsu programatu ditu Kulturazek. Martxoaren 13an Zea Mays taldeak eskainiko du kontzertua Soreasun, 19:00etan. Behin baino gehiagotan izan da Bilboko taldea Azpeitian, eta oraingoan Atera diskoko abestiak joko dituzte. 1997. urtean ekin zion bere ibilbideari Zea Maysek, eta 2019. urtean kaleratu zuten azken diskoa. Bestalde, martxoaren 26an Nogenek bere bigarren kontzertua eskainiko du —agortuta daude martxoaren 27an emango duen kontzerturako sarrerak—, 19:00etan. Donostiako taldeak sona handia lortu du azken urteetan Euskal Herrian, eta joan zen 2020an publikatutako Under Alt diskoko abestiak entzun ahal izango dira agertokian.

Kontzertu guztietarako sarrerak eskuragarri daude dagoeneko Kulturazen webgunean; Shinovaren kontzerturako sarrerak eta Huntzarenak hamabost euroren truke, Zea Maysenak hamasei euroren truke eta Nogenenak hamahiru euroren truke.