Hantxe bertan

Alex Indo: "Fuerteventuran ikasi dut irekia izan behar dela bizitza honetan"

Ihintza Elustondo 2021ko urt. 24a, 11:53
Alex Indo, Fuerteventuran. (Alex Indo)

Alex Indo (Azpeitia, 1986) 2019ko maiatzean joan zen Fuerteventurara, hiru hilabete han pasatzeko asmoarekin. Urte eta erdi igaro da ordutik, eta oraindik ez da itzuli. "Gustura nago hemen", dio, 2021eko urtarrileko Uztarria aldizkarian Hantxe bertan atalerako egindako elkarrizketa honetan.

Zergatik erabaki zenuen Euskal Herritik alde egitea?

Aita oriotarra dut, eta duela urte batzuk, Azpeititik Oriora joan nintzen bizitzera. Orion bizi izan naiz hamabost urtez, eta beti ostalaritzan lan egin dut. Esperientzia berri bat bizitzea nahi nuen, kanpora joatea. Aldaketa nahi nuen, nire barrua aberasteko.

Munduan hainbeste leku egonda, zergatik aukeratu zenuen Fuerteventura?

Nire gurasoen lagun batzuk Fuerteventuran bizi dira, eta haien bitartez etorri nintzen hona. Nahi banuen etortzeko esan zidaten, hemen nahikoa lan egoten zela eta. Horrelaxe animatu nintzen. Hona iristean, bi herri erakutsi zizkidaten: Corralejo eta Cotillo. Cotillo ezagutu eta berehala, maitemindu egin nintzen. Orioren antza hartu nion: herri txikia da, kostaldekoa, arrantzaleak ibiltzen dira... Ordutik, herri horretan bizi naiz.

Zerk maitemindu zintuen?

Iritsi nintzenean, etxeetako ateak irekita zituztela ikusi nuen, umeak kalean korrika zebiltzala, eta hori asko gustatu zitzaidan. Lasaitasuna transmititu zidan ikusi nuenak. Beste bizitzeko modu bat dute hemen. Hasieran, denek esaten zidaten: "Zu hemen geldituko zara!". Nik ezetz erantzuten nien, nire herrira itzuliko nintzela. Baina esaten zidaten irla honek baduela zerbait, harrapatu egiten duela. Eta arrazoi zuten.

Zertan egiten duzu lan?

Ostalaritzan, zerbitzari gisa.

Oso ezberdinak al dira Euskal Herria eta Fuerteventura?

Bai, hau oso leku lasaia da; hemen ez dago horko estresik. Gainera, jendea oso irekia da, eguraldi zoragarria egiten du, urte guztian galtza motzekin eta txankletekin ibiltzen gara... Gozamena da hori.

Oso leku haizetsua ere bada, ezta?

Bai. Hortik dator irlaren izena: fuertek gogorra esan nahi du, eta venturak haizea. Haize handiko egunak deserosoak izaten dira, baina haizerik egingo ez balu, ezingo ginateke hemen bizi, sekulako beroa egiten du eta.

Denbora librean zer egiten duzu?

Hondartzara joan, pasiera egin, lagunekin egon... Jende ugari ezagutu dut hemen, eta haietako asko beste lurraldeetakoak dira; esaterako, italiar asko dago irla honetan. Hemen ezaguna naiz oso, el vasco deitzen didate.

Turismoari dagokionez, urte gorabeheratsua izango zen 2020koa.

Uztailetik irailera, goi denboraldia izaten da, eta Espainiako herritarrak nahiz beste irletakoak etorri ohi dira. Dena den, irailetik aurrera, frantziarrak, alemanak... etortzen dira. Aurten, urte berezia izan denez, asko egin du behera turismoak. Hala ere, hegazkinak iristen dira.

Ba al dago gustuko ez duzun ezer Fuerteventuran?

Paisaia berdearen falta sumatzen dut. Hau gune lehorra da, baina lehortasun horretan edertasuna preziatzen ere ikasi dut: lainoak egon ala ez, eguzkiak nola jotzen duen... ezberdin ikusten da lehortasun hori. Hala ere, Bilbora iristean eta belarra ikustean, ero baten moduan jartzen naiz.

Jendearen falta ez al duzu sumatzen?

Gurasoen, familiaren eta lagunen falta, bai. Gainera, iazko martxotik joan gabe nago Euskal Herrira. Eta horko jatekoa ere gustura dastatuko nuke.

Zer eman dizu bizitzen ari zaren esperientziak?

Uste dut asko ikasi dudala neure buruarengandik. Etorri nintzenean, inor ez nuen ezagutzen, ordu asko pasatzen nituen bakarrik... Neure barrua gehiago ezagutu dut, eta gehiago ireki naiz Fuerteventuran. Eta hori ikasi dut: irekia izan behar dela bizitza honetan.