Koronabirusa Azpeitian

Beste sei positibo atzeman zituzten atzo Azpeitian

Amaia Urbieta 2021ko urt. 12a, 14:01

Azken zazpi egunetan 24 positibo zenbatu ditu Osasun Sailak herrian. Intzidentzia tasak koska bat gora egin du, eta 374,51ra igo da. Urola Kostan 26 positibo berri hauteman zituzten atzo, eta 979 Hego Euskal Herri osoan; azaroaren 21etik atzemandako positibo berrien kopuru altuena da hori.

Sei positibo berri atzeman zituen atzo Osakidetzak Azpeitian, bezperan –igandean– zenbatutako kopuru bera, alegia. Azken zazpi egunetan 24 positibo zenbatu ditu Osasun Sailak herrian. Intzidentzia tasak koska bat gora egin du, eta 374,51ra igo da.

Osasun Sailak gaur argitara emandako txostenaren arabera, 26 lagunek eman zuten positibo atzo Urola Kostan. Zumaiak soilik jarraitzen du semaforo gorrian eskualdean, eta herri horretan azkenaldian izan den gorakadaren ondorioz, konfinamendu perimetrala ezarriko dute ostegunetik aurrera. Hala iragarri zuen atzo Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailburu Gotzone Sagarduik. Atzokoan lau kasu berri atzeman zituzten Zumaian, eta intzidentzia tasa igo egin da atzotik: 712, 32koa da gaur-gaurkoz, eta 681,80koa zen atzo.

Atzoko datuei erreparatzen jarraituta, eskualdean Azkoitian atzeman zituzten kasu gehien: zortzi.  Herenegun baino sei kasu gehiagorekin, gora egin du han ere kasu metatuen tasak. 225,32an zegoen atzo zifra, eta 292,08an dago gaur. Bost izan ziren atzo Zarautzen atzemandako kasuak, eta herri horretan apur bat jaitsi da intzidentzia tasa: 269,84koa da. Orion, berriz, hiru kasu berri zenbatu zituen Osakidetzak atzo, eta kasu metatuen tasa igo egin da atzotik herri horretan ere; 326,16 da zifra gaur, eta 277,23 zen atzo.

Aizarnazabal kezka iturri izan da egunotan, baina asteburuan atzemandako 21 kasuen ondoren, bakarra atzeman zuten atzokoan. Intzidentzia tasa 8.972,69koa da han, baina 5.000 biztanle baino gutxiago dituen herria izanik, kasu berrien gorabeherek eragin handia dute zifra horretan. Eskualdeko gainontzeko herrietan, Aian, Getarian, Beizaman, Errezilen eta Zestoan, ez zuten kasu berririk atzeman atzokoan.

Hego Euskal Herrira begira

Azaroaren 21etik atzemandako positibo berrien kopururik altuena atzeman zuten atzo Hego Euskal Herrian: 979.

Atzo koronabirusa atzemateko 14.000 proba egin zituzten Osakidetzak eta Osasunbideak, herenegun baino 2.000 gehiago. Horiek kontuan hartuta, %6,9 da positiboen ehunekoa Hegoaldean. Atzemandako ia mila kasuetatik, Bizkaian zenbatu dituzte gehien: 492. 219 izan ziren Gipuzkoan, Nafarroan 162 eta Araban 92.