Koronabirusa Azpeitian

Mugikortasuna mugatzeko neurriak zorroztea erabaki du Eusko Jaurlaritzak

Juan Luis Romatet 2021ko urt. 11a, 15:16

LABI batzorde teknikoaren proposamenak jarraituz, segurtasun eta osasun neurriak zorroztea erabaki du, koronabirus kasuen hazkundeari aurre egin asmoz. Eremu gorrian sartzen diren herriak itxi egingo dituzte, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoa arteko sartu-irtenak berriro mugatzea ebatzi dute. Asteazkeneko 00.00etan sartuko dira indarrean neurri berriak.

Goizean bildu da LABIren batzorde teknikoa, azken asteotan izandako kasu positiboen hazkundearen ondoren neurri berriak erabakitzeko. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak bileraren ondoren egindako agerraldian azaldu duenez, "egoera kezkagarria" da, eta pandemiak izandako goranzko joera ikusita, egungo egoerara egokituko diren neurriak hartzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak. Asteazkenean indarrean sartuko den neurri multzoaren bitartez positibotasun tasa jaistea espero du Jaurlaritzak.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoa itxita egongo dira berriro, eta lurraldeen artean ezingo da mugitu. 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako kasu metatuen tasa 500 baino gehiago duten herriak ere itxi egingo dituzte, eta ezingo da herri horietatik beste herrietara mugitu, ezta mugakideetara ere, beti ere lanerako edo osasun arrazoiengatik ez bada; horrez gain, eta orain arte bezala, ostalaritza guneak itxi egin beharko dituzte. Herri horietan taldekako kirol jarduerarik ez egitea ere proposatu du jaurlaritzak. Merkataritza zentroetako aforuak ere mugatuko ditu Jaurlaritzak. 150 metro koadroko azalera baino handiagoko establezimenduetan gehienezko edukiera %40koa izango da, eta txikiagokoetan %60koa. 500eko tasa baino gutxiago duten herrietan, berriz, eskola kiroleko entrenamenduak egitea baimenduko da. Baina, ezingo dituzte aldagelak erabili.

Neurri berriak ezartzeaz gain, lehendik indarrean dauden beste hainbat neurri murriztailek bere horretan jarraituko dute. Horrela, taldeak, gehienera jota, sei lagunekoak izango dira, eta 22:00etatik 06:00etara bitartean ezingo da kalean ibili. Dendek 21:00etarako itxita egon beharko dute; ostalaritzako establezimenduek, berriz, 20:00etan itxi beharko dituzte ateak, eta goizeko 06:00k arte ezingo dituzte berriro zabaldu. Kultuko zentroetan, aldiz, aforoa %35ekoa izango da gehienez. 

Alarma egoera honetan, hartu dituztenak "neurri eraginkorrak" izango direla azpimarratu du Sagarduik. Hilabete zailak datozela gaineratu du, eta "herritarren kontzientziazioa berrindartzea" eskatu du.