Koronabirusa Azpeitian

Hamabi positibo berri atzeman dituzte azken hiru egunetan Azpeitian

Juan Luis Romatet 2021ko urt. 11a, 13:38

Hiruna zenbatu zituzten ostiralean eta larunbatean, eta beste sei atzo. Intzidentzia metatuaren tasa 361,37koa da orain. Urola Kostako herrietan guztira 74 positibo azaleratu dira asteburuan, eta 693, berriz, Hego Euskal Herrian.

Astelehenero legez, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak COVID-19aren jarraipenerako gaurko txostenean eman ditu ostiraletik igandera bitarteko herriz herriko positiboen datuak. Azpeitian, hamabi positibo berri zenbatu dituzte azken hiru egunetan: hiruna ostiralean eta larunbatean, eta beste sei atzo, igandea. Aurreko asteleheneko txostenean ere positibo kopuru bera izan zuen Azpeitiak, baina orduan lau eguneko datuak pilatuta. Intzidentzia metatuaren tasa 500etik jaitsi zen orduan; astebeteren buruan, berriz, 361,37koa da orain tasa hori herrian; goruntz egin du kopuruak ostiralean emandako datuarekin (348,23) alderatuta.

Urola Kosta

Urola Kostan gora egin dute positiboek azken egunetan. Beste 74 positibo zenbatu ditu Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak ostiraletik igandera bitartean eskualdean; hemezortzi izan ziren joan den asteleheneko zenbaketan, orduan lau eguneko datuak pilatuta. Aizarnazabalek eman ditu datu kezkagarrienak. Hiru egun horietan beste 21 positibo baieztatu ditu Osakidetzak herrian: hamalau ostiralean, sei larunbatean eta bakarra igandean. Kontuan hartu behar da sei urtetik gorako herritarrei zuzendutako baheketa egin zela Aizarnazabalen pasa den astean, eta egindako probek azaleratu dituzte positibo horiek. 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako kasu metatuen tasak gora egin du beste behin ere, eta 9.232,77an kokatu zen atzo. Hala ere, jakina da herri txikietan positibo bakar batek sekulako aldaketa eragin dezakeela tasa horretan.

Hamalau positibo detekatu dituzte Zumaian azken hiru egunetan: zazpi ostiralean, bi larunbatean eta bost igandean. Kasu metatuen tasa 681,80ra igo da, eta eremu gorrian izango da herria denbora batean. Gipuzkoan beste lau herri bakarrik daude gorriz margotuta: Andoain, Beasain, Lazkao eta Villabona. Bihartik aurrera herriko ostalaritzako establezimenduek ateak itxi beharko dituzte, egoera bere onera bueltatu arte.

Azkoitian sei kasu izan dituzten asteburuan –bat ostiralean, hiru larunbatean eta bi igandean–, eta kasu metatuen tasa 225,32an dago. 11 kasu izan dituzte Zarautzen –hiru ostiralean, sei larunbatean eta bi igandean—, bost Orion –bina ostiralean eta larunbatean, eta bat igandean–, hiru Getarian, hirurak ere ostiralean; eta bi kasu Aian, biak ostiralean. Beizaman, Errezilen eta Zestoan ez dute kasurik ezagutu asteburuan.

Hego Euskal Herria

Hego Euskal Herri mailan ere ez daude kanpaiak jotzen hasteko moduan. Beste 693 positibo zenbatu zituzten atzo lau lurraldeetan: 67 Araban, 322 Bizkaian, 166 Gipuzkoan eta 132 Nafarroan. Lau lurralde horietatik kanpo bizi diren beste bost pertsonak ere positibo eman dute.

Ospitaleratutakoei dagokienez, 129 lagun eraman dituzte Osakidetzako erietxeetara asteburuan zehar, eta ZIUn dauden lagunak 76 ziren atzo.