Garaipen gozoa erdietsi du Azkoitia-Azpeitia ISBk Magectias taldearen aurka

Azkoitia-Azpeitia ISB taldeko neskak Urgi maskotarekin. (Mikel Amenabar)

Kanariarrek ezin izan zuten etxeko taldea mendean hartu, eta esku hutsik bueltatu ziren etxera. 88-57 gailendu zen Azkoitia-Azpeitia ISB taldea Azkoitiko kiroldegian jokatutako partidan. Bestalde, iragarri dute Juaristi ISB taldeak noren aurka jokatuko duen Zilarrezko LEB kopako finala; FC Barcelona izango dute aurkari Iñaki Jimenezen mutilek.

Azkoitia-Azpeitia ISB taldeko neskek partida bikaina jokatu zuten atzo, zapatua, Azkoitiko kiroldegian, eta 88-57 nagusitu ziren Magectias taldearen aurka. Etxeko taldea aurretik joan zen partida guztian, eta kanariarrek ezin izan zuten Andoni Lazkanoren taldea garaitu. 15. jardunaldiko partida guztiak oraindik jokatu ez diren arren, Azpeiti-Azkoitiko neskek Emakumeen Ligako bigarren mailako goiko postuetan jarraitzen dute; laugarren postuan, hain zuzen ere. Datorren jardunaldia Avilesen (Asturias, Espainia) jokatuko dute, hilaren 16an.

Bestalde, Filomenak eragindako elurtea dela-eta bertan behera utzi zuten Juaristi ISBkoek Logroñon (Errioxa, Espainia) Clavijo taldearen aurka jokatu behar zuten norgehiagoka. Halere, albiste onak ere izan dituzte egunotan etxeko mutilek, Zilarrezko LEB kopako finala noren aurka jokatuko duten jakin baitute. FC Barcelona izango du aurkari Juaristi ISBk urtarrilaren 30ean, Joan Gamper estadioan (Bartzelona, Herrialde Katalanak). Beraz, aurkari indartsua izango dute Iñaki Jimenezen mutilek finalean.

2019ko abenduaren 28an ere jokatu zuten Zilarrezko LEB Kopako finala Iraurgikoek, eta garaipen ederra eskuratu zuten orduko hartan. 2021eko urtarrilaren 30ean berriro izango dute txapela janzteko aukera.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide