680 lagun bildu dira Azpeitian, Sarek deituta presoen eskubideen alde egin duten manifestazioan

Aitziber Arzallus 2021ko urt. 9a, 19:12

Bidea gara lelopean, ehunka azpeitiar atera dira kalera euskal presoen eskubideen defentsan gaur, zapatua. Besteak beste, espetxe politika behin betiko amaitzeko eskatu dute 17:30ean plazatik abiatuta egin duten manifestazioan.

Hotzak eta elurrak ez ditu atzeratu azpeitiarrak, eta berokiak eta aterkiak soinean, ehunka izan dira Sareren deiari erantzunez gaur arratsaldean kalera atera diren herritarrak; 680 lagun, hain zuzen ere. Osasun krisia dela eta, ezohiko mobilizazioa deitu du aurtengoan Sarek, eta presoen eskubideen alde Bilbon manifestazio erraldoia egin beharrean, Euskal Herriko hainbat herritan kontzentrazioak, manifestazioak eta bestelako ekitaldiak egin dituzte; guztira, 238 herritan.

Gaurkoan espetxe politika "behin betiko amaitzea" eskatu dute manifestazioan. "Ezinezkoa da aurrera egitea oraindik hainbeste sufrimendu sortzen duen egoera hau aldatu gabe. Ezin da aurrera egin senideak, eta bereziki haurrak eta adineko pertsonak zigortzen dituen urruntze politika aldatu gabe, larriki gaixo diren presoak espetxean egoera biziki larrian mantenduz edota presoei ezarritako etxeratze-prozesua ahalbidetzen dien gradu-progresioa ukatuz", adierazi dute Sareko kideek mobilizazioaren amaieran.

Bestalde, Sareko kideek garrantzitsutzat jo dituzte Frantzian eta Espainian azken hilabeteetan egin dituzten aldaketak; besteak beste, Xistor Aranbururen baldintzapeko askatasuna eta Espainiako Estatuan dauden presoen lekualdatzeak zein gerturatzeak. "Nahikoa ez izan arren, aukera badela, bidea badela erakusten digu honek, eta guk aukera baliatu nahi dugu bide hori finko bilakatzeko. Horregatik gaude gaur hemen, oraindik badakigulako zer ibili, baina badugulako ibiltzeko bidea ere", azaldu dute.

Amaitzeko, sei eskari zehatz egin dituzte:

  • Euskal presoen euskalherriratzea, urruntze-politikarekin behingoz amaitu eta senideei ezarritako zigor erantsia eten dadin.
  • Euskal preso guztiei gradu-progresioa ahalbidetzea, preso guztiek jarraitu beharreko birgizarteratze eta etxeratze prozesua egin dezaten.
  • Larriki gaixo diren presoak etxera ekartzea, dagokien artatzea senideen babes eta konfantzako medikuaren jarraibideekin jaso ahal izateko.
  • Adinez nagusiak diren presoen etxeratzea, euren osasuna eta bizitzeko eskubidea lehenetsiz.
  • Aita, ama edo biak espetxean dituzten motxiladun haurrek gurasoekin bizitzeko duten eskubidea errespetatzea, hala nola preso diren pertsonek guraso izateko duten eskubidea bermatzeko neurriak hartzea.
  • Eta kontuan hartzea Frantzian betetako zigor urteak Espainian ezarritako zigorrean, zigorren batuketa eginaz.