Koronabirusa Azpeitian

Maite Lazkano: "Pandemiak ikaragarri kolpatu du bidaia agentzien sektorea"

Maialen Etxaniz 2021ko urt. 14a, 12:17
Maite Lazkano, Azpeitiko Halcon bidaia agentzian. (Maialen Etxaniz)

Bidaia agentzientzat "urte oso gogorra" izan da 2020a, eta hori bere azalean bizitzen ari da Maite Lazkano, Azpeitiko Halcon bidaia agentziako arduraduna. Uda salbuespen, ezin izan dute apenas bidaiarik saldu urtean zehar, eta, ondorioz, ez dute diru sarrerarik eduki denbora luzean; lana, aldiz, bai. Eginak zituzten erreserbak ezeztatzen eta kudeatzen aritu dira azken hilabeteotan. Agentzia askok dagoeneko ateak itxi behar izan dituztela aitortu du azpeitiarrak, eta erakundeek sektorearekin erakutsi duten utzikeria salatu du. Dena den, baikor dago Lazkano, eta txertoa iritsi dela ikusita, "itxaropentsuago" begiratzen dio etorkizunari.

2020a urte zaila izan da bidaia agentzientzat. Orain, zein da zuen egoera eta nola zaudete?

Gure egoera, oraindik, oso txarra da. Martxoko konfinamendua kolpe izugarria izan zen, bat-batean iritsi baitzen. Garai hartan Vietnamen nengoen bezero talde batekin, eta lankideak kontatzen zidan hemengo egoera zein zen. Ordurako bazegoen kezka gizartean. Martxoaren 11n iritsi ginen, eta 14an konfinatu gintuzten. Hilabeteetan egindako lana pikutara; ikaragarrizko kolpea izan zen. Egoera azken sei hilabete hauetan ez da aldatu guretzat. Udan izan genuen eskaeretan gorakada txiki bat, baina gainerakoan, beltz dago kontua. Ezin dugu ezer saldu, baina lan asko dugu egiteko. Gainera, esan daiteke gure pandemia 2019an hasi zela; izan ere, koronabirusa tarteko 2019tik egindako erreserba ia guztiak utzi behar izan ditugu bertan behera. Imajinatu zenbat hilabetetako lana den hori… Egoera oso zaila da, ezin dugu ezer saldu, lan asko dugu, eta lan oso desatsegina, gainera.

Mugikortasuna mugatzea lanerako lehengaia kentzea bezalakoa da guretzat. Sektoreko jende ugari gelditu da lanik gabe. Ezin dugu ezer saldu.

Esan daiteke mugikortasuna mugatzearekin batera mugak jarri dizkiotela zuen lanari…

Mugikortasuna mugatzea lanerako lehengaia kentzea bezalakoa izan da guretzat. Sektoreko jende ugari gelditu da lanik gabe. Atzerritarrei beren lurraldeetara joateko txartelak saltzen bakarrik ari gara, eta txartel horietako bakoitza marroi bat da askotan, atzetik arazo bat baitakarki. Bidaiatzeko protokoloak ere oso zorrotzak dira, eta, gainera, nazio nahiz hegazkin konpainia bakoitzak bere arauak jarri ditu. Hemen herrian bertan zer egin daitekeen eta zer ez argi ez baldin badakigu, imajinatu zer den nazio bakoitzean zein arau dauden indarrean jakitea.

Bidaiak saldu ezinda ere, lan ugarirekin ibili zarete azken hilabeteotan. Zer motatako lanak egin behar izan dituzue?

Konfinamendu garaian lanera etortzen nintzen. Bidaien ezeztatzeek epe mugak izaten dituzte, eta horiek errespetatu ezean dirutza ordaindu behar izaten da. Ez da batere lan erraza. Oraindik gogoan dut nola etortzen nintzen bulegora, malkotan, inpotentziak jota… Hilabeteak igaro ditugu bezeroen bidaiak bertan behera uzten eta haiei dirua itzultzeko saiakerak egiten. Udan saldu genuen zertxobait, baina oso gutxi. Udazkenean, aldiz, atzerritarrentzako bidaiak soilik saldu ditugu. Orain ohartu naiz Azpeitian saharar komunitate handia dagoela, horietako askok hartu dituzte hegazkin txartelak beren herrietara itzultzeko. Lan hori berria izan da niretzako; izan ere, orain arte banekizkien leku bakoitzera bidaiatzeko bisak eskuratzeko jarraitu beharreko pausoak-eta zein ziren, baina koronabirusarekin guztia jarri da hankaz gora, eta nazio bakoitzak neurri desberdinak ezarri ditu. Lehen aipatu bezala, ez dira berdinak Greziak eskatzen dituen neurriak edo Malira joateko jarraitu beharrekoak. Horrek segurtasun falta eragiten du… Orain, bidaiatzeko PCR proba egiteko eskatzen dute herrialde gehienek. Hori dela eta, bezeroek hegazkina hartu baino bi egun lehenago,PCR proba egiten dute, eta positibo emanez gero, berriro bertan behera utzi behar izaten dugu bidaia. Beraz, jendea ez da arriskatzen.

Ez da lan samurra izango…

Gu bitartekariak gara. Hegazkin konpainiak nahiz hotelak eta abar oso egoera txarrean daude, eta deskapitalizatzeko beldurra dutenez, ez dira dirua itzultzen ari. Beraz, esan daiteke guztia geldirik dagoela. Noski, bezeroek beren erreserbak bertan behera utzi behar izan dituztenez, dirua itzultzeko eskatzen dute, eta guk egiten dugu bitartekari lan hori. Kudeaketa lan konplexua da, baina are zailagoa da orain; izan ere, operadoreen eta langileen %95 Aldi Baterako Erregulazio Espedientean (AEBB) daude. Beraz, kontu horiek guztiak oso-oso mantso doaz, eta nekea nahiz inpotentzia sortzen dizkigute. Nik zorte handia izan dut orain arte, eta lortu dut bezero askori dirua itzultzea, baina tramitazioa oso konplexua da, protokolo oso zorrotzak ezarri baitituzte. Gainera, konpainia bakoitzak bere arauak ditu, eta zoratzeko moduko lana da.

Egoeraz kezkatuta, protestak deitu dituzue hiriburuetan. 

Orain arte lanean aritu gara, eta bidaia agentzietako kideok ez dugu denborarik izan elkartzeko eta kezkak behar bezala elkarbanatzeko. Urrian hasi ginen hainbat bidaia agentzietako kideok elkarrekin hitz egiten, egoeraz kezkatuta. Gabonen bueltan hartu zituzten neurriek ere haserrea eragin zuten sektoreko langileen artean; izan ere, Gabonetarako bazeuden erreserba gutxi batzuk, eta haiek ere bertan behera utzi behar izan genituen. Gipuzkoako bidaia agentziak elkartu ginen, eta egoera salatzeko egin beharreko lanak banatu genituen. Saiatu gara komunikabideekin harremanetan jartzen egoera zein zen azaltzeko, bi elkarretaratze deitu ditugu, Donostian bata eta Bilbon bestea. Eusko Jaurlaritzaren Turismo Sailburuarekin ere jarri gara harremanetan…

Zer da salatzen eta eskatzen duzuena?

Guk gastuak ditugu: alokairua, autonomoen kuotak, Gizarte Segurantza… Beraz, diru-sarrerarik gabe egoerari eusteko izugarrizko muskulu finantzarioa behar da. Agentzia askok itxi dituzte ateak dagoeneko, eta egoerak horrela jarraitzen badu, agentzia pila bat itxiko dira; hori dela eta, laguntza zuzenak eskatzen dizkiegu erakundeei, erreskatea berehala. Horrez gain, ABEEak luzatzeko eskatzen dugu, Gizarte Segurantza ez ordaintzea… Gure egoera antzekoan daude hotelak, nekazaletxeak… Eta egoera oso beltza da. Beste hainbat sektorek, hala nola ostalaritzak, jaso dituzte laguntzak; ez behar bezalakoak, ados, baina gure sektoreak ez du laguntzarik jaso, eta pandemiak ikaragarri kolpatu gaitu. Beraz, espero dugu erakundeek zerbait egingo dutela sektoreari laguntzeko, eta gogoan izango dutela bidaia agentziok hemen gaudela.

Espero dugu erakundeek zerbait egingo dutela sektorea laguntzeko, eta gogoan izango dutela bidaia agentziak hemen gaudela.

Erakundeetatik jaso al duzue erantzunik?

Oraingoz ez dugu erantzunik jaso. Guk, ordea, badugu egoera salatzen eta eskaerak egiten jarraitzeko asmoa. Izan ere, esaten dute ekaina aldera itzuliko garela gutxieneko normaltasun batera, baina horretarako sei hilabete falta dira, eta egoerari eutsi egin behar zaio, eta ez da erraza.

Ba al duzue egoerari buelta emateko itxaropenik?

Une hauetan txertoa da gure itxaropen bakarra. Bidaia agentzietako arduradunok eta langileok, denok, txertoa noiz iritsiko zain gaude. Nahi duguna da jendeak ahalik eta azkarren lortzea gaitzarenganako inmunitatea, eta ahalik eta azkarren itzultzea normaltasunera. Eta, oraingoz, txertoa da horretarako aukera bakarra. Herrialde txiroetara beranduago iritsiko da txertoa, baina hemengo bezeroak txertatuz gero, bidaiatzeko arazorik ez dute izango. Gure agentzian atzerriko taldeko bidaietan espezializatu gara, eta horiek dira gehien saltzen ditugun bidaiak; espero dugu ekainetik aurrera bertan behera utzi genituen zenbait bidaia egiteko aukera izango dugula. Esaterako, programatuta ditugu bidaiak Errusiara, Iranera, Namibiara… Espero dugu jendea animatuko dela, eta bidaiatuz gozatzeko aukera izango dutela.

Une hauetan gure itxaropen bakarra txertoa da. Nahi duguna da jendeak ahalik eta azkarren gaitzarenganako inmunitatea lortzea, eta ahalik eta azkarren normaltasunera itzultzea.

Bidaia agentziez gain, turismoari lotutako sektoreetan ere eragin zuzen-zuzena izan du pandemiak. Leku turistikoenak ere hutsik egon dira… Nola ikusten duzu panorama?

Oso-oso gaizki. Normaltasuna iritsi arte sektoreko jende ugari joango da kalera. Bidaia agentzia asko itxiko dira, hotel pila bat daude salmentan, hirukoiztu egin dira hotelen salmentak, hegazkin konpainia askok egingo dute porrot... Betiko konpainia handiek iraungo dute: Air France, Lufthansa, KLM, Iberia… horiek gobernuen dirulaguntzak dituzte, baina gainerakoan beltz dago panorama.

Bidaiatzeko moduak eta ohiturak aldatuko direla pentsatzen al duzu?

Hasieran beharbada bai, beldurragatik-edo... baina jendeak txertoa hartu artekoa izango dela iruditzen zait. Aurreikus daitekeen bezala, aldatuko dena da zenbait lekutara bidaiatzeko ezinbestekoa izango dela txertoa hartzea.  

Baliteke bidaiatzeko ohitura baino gehiago bezeroen eros ahalmena aldatzea. Izango al du eraginik krisi ekonomikoak?

Bai, ekonomikoki kolpatuta aterako gara ziurrenik, eta baliteke horrek eragina izatea. Hala ere, jende asko dirua aurrezten ari da pandemia tarteko. Izan ere, ezin dute ezer egin, ez oporrik, ez aisialdirik… Bezero askori entzun izan diet mugak irekitzen dituztenean ikaragarrizko bidaia egiteko asmoa dutela. Jendeak irteteko gogoa du, beste lekuetara joateko grina. Bitxikeria bezala, duela egun batzuk estatistikak begiratzen aritu nintzen, eta datuek diotenez, kruzeroen salmenak hirukoiztu egin dira 2021 eta 2022 urteetarako, eta horrek erakusten du jendeak bidaiatzeko duen gogoa…

Azkenaldian zer nolako eskariak izan dituzue?

Jendeak ezjakintasun handia izan du urte osoan zehar. Uda garaian, esaterako, jendeak ez zekien Europara bidaiatzeko aukera zegoenik. Hedabideek horrenbestetan errepikatu zuten ezin zela mugitu… jendeak sinetsita zuen. Bi bidaia bakarrik saldu nituen Europara, eta jende gehiena Kanariar Uharteetara joan zen.

Egoera honek izango al du eraginik Euskal Herriko turismoan?

Azken hilabeteetan ziur nabarituko zela beherakada, baina ez dut uste epe luzera begira pandemiak bertako turismoan gehiegi eragingo duenik. Euskal Herrira etortzen den turista profila Espainiakoa edo Europakoa izaten da, eta uste dut egoera normaltasunera itzultzean berdin jarraituko duela.