Koronabirusa Azpeitian

Azken hiru hilabeteotako intzidentzia tasarik baxuena du Azpeitiak

Aitziber Arzallus 2021ko urt. 8a, 15:00

Atzo hiru kasu baieztatu zituzten herrian, eta hamabost izan dira astebetean atzeman dituztenak. 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasa urriaren 2tik izan den baxuena da: 348,23koa hain zuzen ere.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak egunotan egin dituen adierazpen arabera, koronabirusaren bilakaeraren inguruko datuak ezkorrak dira eta egoera "oso larria" da, baina Azpeitiko datuek ez dute hori erakusten, 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasa azken hiru hilabeteotako baxuena baita: 348,23. Hain zuzen ere, urriaren 2tik ez zen izan horren baxua tasa hori; 345,40koa zen orduan. Osasun Sailak gaur eguerdian kaleratu duen txostenak dioenez, atzo hiru kasu baieztatu zituzten herrian, eta hamabost izan dira azken zazpi egunotan zenbatu dituztenak. Aurreko bi asteetan, aldiz, 34 eta 37 kasu atzeman zituzten; beraz, astebeteko positiboen kopuruak ere nabarmen egin du behera. 

Eskualdean, berriz, 21 positibo zenbatu zituzten atzo, eta 152 izan dira astebetean baieztatu dituztenak. Aizarnazabalgo kasua da aipagarriena. 800 biztanlera iristen ez den herri horretan 31 positibo zenbatu dituzte astebetean, atzoko hiruak kontuan hartuta, eta 7.152,15koa da intzidentzia tasa. Abenduaren 30ean, positiboak ugaritzen ari zirela ikusita, eta Eusko Jaurlaritzak agindu aurretik, herriko tabernak, gimnasioa eta liburutegia ixtea erabaki zuen udalak. Atzo, berriz, Osakidetzak baheketa masiboa egin zuen herrian, eta emaitzen zain dira uneotan.

Zumaian ere egoerak nabarmen egin du okerrera urte berriarekin. Eremu berdean sartzear egotetik eremu gorrian egotera pasa da kostako herria. Atzo sei positibo baieztatu zituen Osasun Sailak han, 44 astebetean, eta 539,33koa intzidentzia tasa. Zarautzen bi positibo atzeman zituzten atzo, 36 astebetean, eta 265,56ekoa da intzidentzia tasa. Azkoitian 183,59koa da tasa, atzo lau positibo eta astebetean hamahiru zenbatu ostean. Orion, berriz, 212koa da tasa, atzo bi positibo eta astebetean zazpi baieztatuta.

Aian hiru positibo atzeman dituzte azken zazpi egunotan, Getarian bi —bat atzo—, Errezilen bat, eta Beizaman eta Zestoan bat bera ere ez.

Hego Euskal Herrian datu kezkagarriak

Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, atzo 10.169 test egin zituzten COVID-19a detektatzeko, eta 717 kasu positibo zenbatu zituzten guztira. Horiek horrela, egun bakarrean egindako proben gaineko positiboen portzentajea %7koa da Hego Euskal Herrian. Urrun da OME Osasunaren Munduko Erakundeak izurritea kontrolpean izateko ezarri duen mugatik (%5).

Hegoaldeko lurraldeen artean, Bizkaian atzeman dute kasu gehien: 283. Gipuzkoan 170 kasu zenbatu dituzte, Araban 73 izan dira, eta Nafarroan, aldiz, 182. Hain zuen ere, positibo kopuruari dagokionez, azaroaren 14tik aitzina erregistraturiko daturik altuena da Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak gaur emandakoa.