Astebururako abisu horia ezarri dute elurragatik, izotzagatik eta tenperatura baxuengatik

Iazko martxoaren 30ean zuritu zuen elurrak azkenekoz Azpeitia.

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak abisu horia ezarrita du gaurtik. Eguraldi iragarpenaren erabera, elur kota 0-200 metro artean izango da bihar, baita igande goizaldean eta igande gauean ere.

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak abisu horia sartu zuen indarrean gaurko, tenperatura baxuengatik eta izotzagatik. Iragarpenak ez zuen hutsik egin; izan ere, atzo eta gaur zuri kolorez esnatu dira herriko zelaiak eta autoak, baita hainbat errepide ere. Biharko eta etzirako elurra iragarri dute; eguraldi iragarpenaren arabera, litekeena da Azpeitian ere egitea.

Bihar, larunbata, egun guztian indarrean jarraituko du izotzagatik eta tenperatura baxuengatik ezarritako abisu horiak. Gainera, elurra gehitu behar zaio izotzari eta tenperatura baxuei: biharko 06:00etatik gauerdira arte ezarri dute abisua, eta Ingurumen Sailaren arabera, 0-200 metro artean kokatuko da elur kota Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Lodierari dagokionez, 1.000 metroko nahiz 600 metroko altueretan 0-15 zentimetro artekoa izango dela aurreikusi dute, eta 0-5 zentimetro artekoa 200 metroko altueran.

Iganderako antzeko iragarpenak egin ditu Ingurumen Sailak: igande osoan martxan izango da abisu horia izotzagatik, tenperatura baxuengatik zein elurragatik. Igandean, 200 metro inguruan izango da elur kota goizaldean, baina 300-500 metrora igoko da eguerdian. Gauean berriro egingo du behera kotak, 200 metrotara, goizaldean bezala. Elurraren lodiera, ordea, larunbatekoa baino txikiagoa izango da igandean: 0-6 zentimetro artekoa 1.000 metroko eta 600 metroko altueretan, eta 0-2 zentimetro artekoa 200 metroko altueran.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide