Ikastaro eta ekintza ugari izango dira datozen hilabeteetan Emakumeen Txokoan

Ihintza Elustondo 2021ko urt. 8a, 12:04

Jabetze Eskolen barruan, sei ikastaro antolatu ditu udaleko Parekidetasun Sailak, eta astelehenean zabalduko dute horietan izena emateko epea. Ohiko ikastaro iraunkorrak eta bestelako ekintzak ere izango dira aurtengoan. Gainera, martxan jarraituko dute Plax! eta aholkularitza juridiko zerbitzuek.

Urte berrian sartzearekin bat, martxan hasi dira berriz Emakumeen Txokoan. Azpeitiko Udaleko Parekidetasun Sailak dagoeneko prestatu du udaberriko programazioa, eta ohi bezala, askotariko ikastaroak eta tailerrak antolatu dituzte. Urtarriletik ekainera bitartean, sei ikastaro gauzatuko dira Emakumeen Txokoan, eta horiez gain, ohiko ikastaro iraunkorrak eta bestelako ekintzak ere antolatu dituzte. Era berean, Neska* Gazteen Txokoak aurrera jarraituko du 2021. urtean ere; martxoaren 5ean egino dute lehen bilera, 17:00etan.

Astelehenean, urtarrilaren 11n, zabalduko dute Jabetze Eskoletan izena emateko epea, eta hilaren 22ra arte izango dute herritarrek horretarako aukera. Interesatuek Emakumeen Txokoarekin harremanetan jarri beharko dute bulegora joanda (Goiko Kale 12 behea), 943-15 70 55 edo 688 75 10 00 telefonoetara deituta edo emakumetxokoa@azpeitia.eus helbidera idatzita. Haurtzaindegi zerbitzua egongo da, eta behar duenak izena ematean zehaztu beharko du.

Ikastaro eta tailerrez gain, martxan jarraituko dute bestelako zerbitzuek ere: Plax! bikote eta sexu aholkularitza zerbitzua baliatu ahal izango dute behar duten herritarrek, eta aholkularitza juridikoa ere eskainiko dute Emakumeen Txokoan. Zerbitzu horien inguruko informazioa jasotzeko Emakume Txokoarekin harremanetan jar daitezke herritarrak. Era berean, Plax! zerbitzurako hitzordua hartu nahi dutenek honako telefono zenbakira deitu behar dute: 688 89 79 20.

Bestalde, ohiko ordutegiarekin hasiko dira lanean Emakumeen Txokoan astelehenetik aurrera. Hau da, aurrerantzean, arreta eta informazio zerbitzua martxan izango dira berriro astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. 

Hona hemen aurtengorako prestatu dituzten ikastaroen inguruko informazioa:

Ikastaro iraunkorrak

  • Emakume haurdunentzat tailerra. Edurne Salegik gidatuko du, eta astelehenetan izango dira saioak, 19:00etatik 20:30era. Hamar euro ordaindu beharko da hilean. Ikasturte osoan zehar eman ahalko da izena.
  • Empalabramiento. Emakumeen ahalduntzerako eta gaitasun pertsonalak eta funtzionalak lortzea du helburu. Bi maila bereiziko dira: oinarrizko maila –alfabetizazioa– eta bigarren maila –A2 maila edo nazionalitatea ateratzeko beharrezko maila–. Astelehenetan eta asteazkenetan izango dira saioak, 10:00etatik 12:00etara, doan. Ikasturte osoan zehar eman daiteke izena.

Parte hartzeko, sentsibilizaziorako eta integraziorako ekintzak

Ikastaro iraunkorez gain, bestelako ekintza puntualak ere izango dira datozen hilabeteetan:

  • Uxue Alberdiren Kontrako eztarritik liburuaren aurkezpena. Uxue Alberdi eta Leire Ibarguren ariko dira solasean. Otsailaren 10ean, 18:30ean.
  • Arrazakeria eta feminismoa saioa, Leocadia Bueriberi eta Luciana Alfaro formatzaileekin. Otsailaren 12an eta 19an, 17:00etatik 19:00etara. Neska Gazteen Txokoan izango da, 18 urtetik beherakoei zuzenduta.
  • Miren Alcedoren Schubert nunca trabajo en justicia liburuaren aurkezpena. Martxoaren 10ean, 18:30ean.
  • Zer da feminismoa? saioa, Emakumeen Txokoak dinamizatuta. Martxoaren 26an, 17:00etatik 18:30era. Neska Gazteen Txokoan izango da, 18 urtetik beherakoei zuzenduta. 
  • Solasaldi feminista: Andrezaharren manifestua. Mari Luz Esteban eta Ainhoa Aldazabal ariko dira solasean. Martxoaren 31n, 18:30ean.
  • Argi izpiak txarrantxen artea. 14 begirada kartzela feminismotik birpentsatzeko liburuaren egileekin aurkezpen eztabaida. Apirilaren 21ean, 18:30ean. 
  • Sexuaz, sexualitateaz eta desiraz saioa, Emakumeen Txokoak dinamizatuta. Apirilaren 23an, 17:00etatik 18:30era. Neska Gazteen Txokoan izango da, 18 urtetik beherakoei zuzenduta. 
  • Feminismo ijitoa. Tamara Calveria Jimenez Amuge elkarteko kidea ariko da solasean, gaztelaniaz. Maiatzaren 12an, 18:30ean.
  • Hilerokoa deseraikitzen solasaldia, Emakumeen Txokoak dinamizatuta. Maiatzaren 21ean, 17:00etatik 18:30era. Neska Gazteen Txokoan izango da, 18 urtetik beherakoei zuzenduta. 
  • Panpina antzezlana eta solasaldia, Erika Olaizolarekin. Maiatzaren 28an, 18:30ean.

Jabetze Eskolak

Jabetze Eskolen barruan, hainbat ikastaro izango da Emakumeen Txokoan:

  • Labirintoan barrena. Proposamen honen bidez, COVID-19aren ondorioz krisialdian eta konfinamenduan bizitzako esperientziak bildu nahi dira, ondoren autokudeaketa baliabideak eskaintzeko. Pepa Bojo izango da formatzailea, eta gaztelaniaz emango ditu saioak, astelehenetan, urtarrilaren 25ean hasita, 17:30etik 19:00etara. Bederatzi saio izango dira, eta 20,25 euro ordaindu beharko da (ikasleek eta langabetuek 13,5 euro).
  • Norbera zaintzen eta maitatzen. Gune honek emakumeen arteko topagunea izan nahi du, elkarren artean zaintzen ikasteko eta modu kontzienteagoan elkar maitatzeko hausnarketarako espazioa. Kontxi Lopezek gidatuko ditu saioak; berak gaztelaniaz egingo du, baina parte hartzea euskaraz egin ahal izango da. Astearteetan izango dira saioak, otsailaren 9an hasita, 17:30etik 19:30era. Hamar saio izango dira, eta 30 euro ordaindu beharko da (ikasleek eta langabetuek 20 euro).
  • Irakurle eskola feminista. Ainhoa Aldazabal izango da formatzailea. Ostegunetan bilduko dira, hilean behin: otsailaren 25ean, martxoaren 11n, apirilaren 29an, maiatzaren 27an eta ekainaren 17an, 17:30etik 19:30era. Bost saio izango dira, eta 15 euro ordaindu beharko da (ikasleek eta langabetuek 10 euro). Izena emandakoan harreratik pasatu behar da, lehen liburuaren bila.
  • Amatasun bizigarria. Haurren zaintza oraindik emakumeen bizkar gelditzen da nagusiki, eta amatasuna sanoago eta bizigarriago egiteko saioak izango dira. Ainara Gorostizu izango da gidaria, eta astearteetan izango dira saioak, maiatzaren 4an hasita, 17:30etik 19:30era. Lau saio izango dira, eta 12 euro ordaindu beharko da (ikasleek eta langabetuek 8 euro).
  • Norbera zaintzen umoretik. Tailer honen bidez, emozio biologikoei eta kulturalei buruzko hausnarketa bultzatu nahi da, eta umorea estrategia erresiliente eta ahalduntzaile gisa landuko dute. Virginia Imaz izango da formatzailea; bera gaztelaniaz ariko da, baina parte hartzea euskaraz bideratuko da. Ostegunetan izango dira saioak, urtarrilaren 28an hasita, 17:00etatik 20:00etara. Zortzi saio izango dira, eta 36 euro ordaindu beharko da (ikasleek eta langabetuek 24 euro).
  • Zure smartphonea ezagutu. Herritarrek eskuko telefonoarekin izan ditzaketen zalantzak argituko dituzte. Yanire Sagredok gidatuko du ikastaroa, eta maiatzaren 7an, 8an, 14an eta 15ean izango dira saioak; ostiraletan, 16:30etik 19:30era, eta larunbatetan, 10:00etatik 13:00etara. Lau saio izango dira, eta 18 euro ordaindu beharko da (ikasleek eta langabetuek 12 euro).