Binakako txapelketetako pilota partidak izango dira hilaren 18an Izarraitzen

Iaz Egigurenek eta Alberdik elkarren aurka Azpeitian jokatu zuten Promozio Mailako txapelketako partidako irudi bat.

Lehen eta promozio mailetako txapelketetako hirugarren jardunaldiko neurketak jokatuko dituzte urtarrilaren 18an Izarraitz pilotalekuan. Zalerik gabeko partidak izango dira, azken boladan ohi moduan. Alberdik etxean jokatuko du.

Martxan da dagoeneko Binakako Pilota Txapelketa, eta lehiako hirugarren jardunaldiak Azpeitian egingo du geldialdia. Hain zuzen ere, Izarraitz pilotalekuan izango da hitzordua urtarrilaren 18an, astelehenez, 22:30ean hasita, eta bi norgehiagoka jokatuko dituzte. COVID-19aren hedapena saihesteko ezarritako neurriak tarteko, ez da ikuslerik izango egun horretan Izarraitz pilotalekuan.

Lehen partida, lehen mailako txapelketakoa, Altunak eta Mariezkurrenak jokatuko dute Elezkanoren eta Zabaletaren kontra. Bigarren norgehiagoka Promozio Txapelketakoa izango da, eta Alberdi eta Salaverri ariko dira nor baino nor Larrazabal eta Eskirozen aurka. Horrenbestez, Alberdi pilotari azpeitiarrak etxean jokatuko du jardunaldi horretako neurketa.

Iaz ere Azpeitian jokatu zituzten bi txapelketetako partidak urte sasoi berean, eta orduko hartan, Alberdi eta Egiguren parez pare aritu ziren Promozio Mailako lehian.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide