Hiru milioi eta erdi bisitatik gora izan ditu Uztarria.eus-ek 2020an

Julene Frantzesena 2021ko urt. 6a, 11:31
Bisita gehienak sakeleko telefonotik egin dituzte erabiltzaileek 2020an.

2020ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean 3.794.836 bisita izan ditu Uztarria.eus-ek Google Analytics neurgailuaren arabera, eguneko 10.368 bisita inguru. 2019ko datuekin alderatuta, %56,76 igo da bisita kopurua –orduan 2.420.771 bisita izan zituen Azpeitiko atariak–. Uztarria.eus-ek oran arte izan duen daturik onena da. Bisita gehienak eskuko telefonoetatik etorri dira: %65,41.

Ez da urte erraza izan atzean utzitako 2020a. Izan ere, koronabirusaren pandemiak bete-betean jo du Azpeitia ere, eta horren lekuko izan da Uztarria.eus ataria. Egoerak erabat baldintzatu du Uztarriaren jarduna ere, baina informazio jarioak ez du etenik izan urte osoan, eta tokiko informazioaren garrantzia agerian gelditu da beste behin. Horren erakusle dira 2020an Uztarria.eus-ek izan dituen datuak.

Azken ia urtebetean koronabirusak hartu du informazio edukien erdigunea, eta birus horrek markatu du agenda ere. Dena den, bestelako eduki ugari sortu zuen Uztarriak iaz, eta herritarren erantzuna ezin hobea izan da. Hain zuzen ere, gora egin dute Uztarria.eus-eko datu guztiek, hala nola bisitek, bisitatutako orrialde kopuruek, sortutako edukiek nahiz erabiltzaileen zenbatekoek. Uztarriak joan zen abenduaren 31n argitaratu zuen urteko hamar albiste irakurrienen zerrenda.

2019an ere datu oso onak izan zituen Uztarria.eus-ek, baina aise gainditu ditu zifra horiek 2020an: 2020ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean 3.794.836 bisita izan ditu webguneak, Google Analytics neurgailuaren arabera; 2019 guztian, berriz, 2.420.771 bisita. Horrek esan nahi duena da azken urtebetean %56,76 hazi dela bisiten kopurua. Herritarrek Uztarria.eus-en zabaldutako orrien kopuruak ere nabarmen egin du gora: 2019an 6.998.921 orri eta 10.439.837 orri 2020an.

Eguneko bisita kopuruaren batez bestekoak ere gora egin du 2020. urtean: iaz, egunero, 10.368 bisita izan ditu Azpeitiko atariak –2019an 6.632 bisita izan zituen–. Bestalde, egunero-egunero, batez beste, Uztarria.eus-eko 28.524 orri zabaldu zituzten herritarrek iaz –2019an 19.175 orri–. Erabiltzaileek, batez beste, egunean 2 minutu eta 52 segundo igaro zituzten webgunean iaz.

Beste datu batzuk

Edukiak eskuko telefonoetatik irakurtzeko joera areagotzen ari da azken urteetan, eta iazkoa ere ez zen salbuespena izan. Uztarriaren kasuan 2017a izan zen inflexio puntua: lehen aldiz, bisiten erdia baino gehiago (%57,39) eskuko telefonoetatik egin zituzten herritarrek. 2018tik gora egin du zenbateko horrek, eta 2020an herritarren %65,41 erabili dute eskuko telefonoa Uztarria.eus irakurtzeko. Ordenagailutik eta tabletetatik egindako bisita kopuruak, berriz, %30,83 eta %3,76 izan dira hurrenez hurren.

Urolako Komunikazio Taldea (UKT) osatzen duten hedabideen datuak ere ez dira makalak. Taldearen webguneetan hainbat eta hainbat erabiltzaile sartu ziren 2020an: orotara, taldea osatzen duten sei webguneek –Karkara, Baleike, Zarauzko Hitza, Urola Kostako Hitza, Maxixatzen eta Uztarria– 9.239.730 bisita izan zituzten iaz.