Amaitu dituzte autismoa duten pertsonentzako azpiegiturak egokitzeko lanak

Ihintza Elustondo 2021ko urt. 5a, 16:23

Autismoa duten pertsonentzako eguneko zentroa eta etxebizitzak egokitu dituzte Loiolako Inazio Hiribidean. Gautenak kudeatuko ditu gune horiek, eta elkarte horretako zuzendari Amaia Lopetegik azaldu duenez, dagoeneko amaitu dituzte obrak. Aldundiarekin sinatu behar duten hitzarmenaren zain daude, proiektua martxan jarri ahal izateko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak autismoa duten pertsonentzako guneak egokitzeko lanak egin ditu Loiolako Inazio Hiribidean. Azpeitiko Udalak Loiolabideko 65, 67, 75, 77, 81 eta 83 zenbakidun lokalak hogei urterako utzi zizkion aldundiari, eta horietan autismoa duten pertsonentzako eguneko zentroa, bizitokiak eta bestelako baliabideak egokitu dituzte. Lokal horiek Gautena autismoaren Gipuzkoako elkarteak kudeatuko ditu, eta elkarte horretako zuzendari Amaia Lopetegik baieztatu duenez, dagoeneko amaitu dituzte gune horretako lanak. "Obrak bukatuta daude abuztutik, eta orain aldundiaren hitzarmenaren zain gaude".

Gipuzkoako Foru Aldundiarekin akordio hori sinatzen dutenean hasi ahal izango dira lokal horiek erabiltzen Gautena elkarteakoak. Lopetegik azaldu duenez, egitasmoa martxan jartzeko falta den hitzarmen hori 2020an sinatu behar zuten berez; dena dela, "izurritea tarteko", atzeratu egin da prozesu hori. "Espero dut datozen hilabeteetan sinatuko dugula akordio hori eta laster martxan hasiko garela".

Hitzarmen horretan zehaztuko dute Gautenak zer baliabide ekonomiko izango dituen Azpeitiko gunea kudeatzeko. Elkarteko kideak aurtengo aurrekontuak onartzeko zain daude, aldundiak emandako diru kopuruaren arabera zehaztu ahal izango dutelako proiektuaren funtzionamendua, baita gunearen erabiltzaile kopurua ere. Aurreikuspenen arabera, hamabost lanpostu berri sortuko ditu proiektuak.

Orotara, 1.242 metro koadroko hiru gune prestatu dituzte Loiolako Inazio Hiribidean. 65 eta 67 zenbakidun lokaletan autismoa duten pertsonentzat eguneko zentroa egin dute –hogei bat lagunek erabili ahal izango dutena–; 81 eta 83 zenbakidunetan, berriz, hamalau lagunentzat logelak egokitu dituzte; eta 75 zein 77 zenbakidun lokaletan beste baliabide batzuk eskaintzeko gunea ezarriko dute. Dena dela, Lopetegik azaldu du hirugarren gune hori egokitzeko dagoela oraindik. "Oraindik ez dakigu zer egingo duten han zehazki".