Koronabirusa Azpeitian

Intzidentzia tasa 500etik jaitsi da, eta ostalaritza guneak berriz zabalduko dituzte

Maria Maya Manterola 2021ko urt. 4a, 13:38
Tabernak berriro zabaldu ahal izango dituzte.

Azpeitian, hamabi positibo zenbatu dituzte azken lau egunetan, eta intzidentzia tasa 407,36koa da gaur-gaurkoz. 500eko langatik jaitsita, ostalaritza guneak zabaldu ahal izango dituzte bihar. Urola Kostan, hemezortzi positibo zenbatu zituzten atzo, duela bost egun baino hamahiru gutxiago.

Abenduaren 30etik ez du Osasun Sailak herriz herriko datuen inguruko xehetasunik eman, eta gaur kaleratu du datu horiek argitara emateko txostena. Azpeitian, hamabi positibo zenbatu dituzte azken lau egunetan –sei abenduaren 31n, bat urtarrilaren 1ean, bi urtarrilaren 2an eta hiru urtarrilaren 3an–. Azken egunetako datuak kontuan izanda, intzidentzia tasa 407,36koa da gaur-gaurkoz, eta, beraz, 500eko langatik jaitsita, ostalaritza guneak zabaldu ahal izango dituzte bihar.

Atzoko datuei erreparatuz, guztira hemezortzi kasu positibo zenbatu dituzte Urola Kostako herrietan, duela bost egun baino hamahiru gutxiago. Beraz, oro har, behera egin du herrietako positibo kopuruak. 

Aizarnazabalen dute intzidentzia tasarik altuena. Herri horretan, zertxobait jaitsi dira kasuak, baina oso altua izaten jarraitzen du intzidentzia tasak: 4.681,40koa da tasa, hain zuzen ere. Horrenbestez, udalaren erabakiz, itxita jarraituko dute eraikin publikoek, zerbitzuek eta ostalaritza establezimenduek.

Azkoitian eta Zarautzen ere beherakada apala izan da. Azkoitian, hiru kasu zenbatu zituzten abenduaren 31n, eta bana zenbatu dute azken hiru egunetan. Azken datu horien eraginez, behera egin du intzidentzia tasak; 233,66koa da orain. Zarautzen, berriz, lau kasu zenbatu dituzte azken orduetan; sei ziren duela bost egun.

Igoera arina izan da, bestetik, Zumaiako kasu kopuruan. Kasu bakarra zenbatu zuten abenduaren 31n herri horretan, eta bost zenbatu dituzte azken orduetan. 

Beste muturrean daude Getaria, Errezil, Beizama eta Zestoa: kasu positibo bakar bat ere ez dute zenbatu herri horietan azken orduetan. Hala eta guztiz ere, intzidentzia tasa altua du Errezilek –966,18–. Kasu bana izan da, bestalde, Orion eta Aian. 

Hego Euskal Herrian, kasuek gora

Datuek oro har hobera egin dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; ez, ordea, Nafarroan. Atzo 66 kasu positibo atzeman zituzten han, eta 88 zenbatu dituzte gaur –egun bakar batean % 6,8tik % 10,6ra igo da positibotasun tasa–. Guztira, 129 pertsona daude ospitaleratuta Nafarroan; horietatik 21 ZIUetan.

Gainontzeko lurraldeetan behera egin du kopuruak: Araban 39, Bizkaian 188 eta Gipuzkoan 132 positibo zenbatu dituzte. Hiru lurralde horietan gora egin du ospitaleratutako pertsonen kopuruak: hain zuzen ere, 257 ziren duela bost egun, eta 275 ziren atzo. Horietatik 78 daude ZIUetan.