Marian Ibarluzearen hilketa matxista salatu dute hainbat herritarrek

Ihintza Elustondo 2021ko urt. 3a, 18:27

Basanderiek talde feministak deituta, hainbat herritar elkartu da plazan Eraso sexistarik ez! Autodefentsa feminista! lelopean. Azpeitiko Udalak eta ezker abertzaleak bat egin dute deialdiarekin.

Arrasateko (Gipuzkoa) emakume bat hiltzea leporatuta, gizonezko bat atxilotu zuten joan den urtearen amaieran Lanzaroten (Kanaria uharteak). Biktima Marian Ibarluzea da, 65 urteko emakume arrasatearra, nahiz eta duela hamar urtetik Kanaria uharteetan bizi zen. Abenduaren 28az geroztik desagertuta zegoen, eta lagun batek eman zion abisua Poliziari. Guardia Zibilak abenduaren 30ean aurkitu zituen zenbait gorpuzki biktimak Kanaria Handian zuen etxe inguruan, eta hurrengo egunean baieztatu zuten Ibarluzearenak zirela giza aztarnak. Bikotekideak, ordurako, Lanzarotera egin zuen ihes, eta abenduaren 31n aitortu zion Poliziari bera dela hiltzailea. Hilketa matxista leporatu diote 43 urteko gizonezkoari, eta baldintza gabe sartu dute espetxera, inkomunikatuta.

Gertaera hori salatzeko, elkarretaratzea egin dute gaur –igandea– Azpeitian. Basanderiek talde feministak deitu du protestara, eta Eraso sexistarik ez! Autodefentsa feminista! lelopean egin dute mobilizazioa. Azpeitiko Udalak eta ezker abertzaleak bat egin dute deialdiarekin.