Oier Etxeberria komisario den 'Cybernetics of the poor' erakusketa, Europako urteko hamar onenen artean

Ihintza Elustondo 2021ko urt. 3a, 11:50
'Cybernetics of the Poor' erakusketa, Tabakaleran. (Tabakalera)

Frieze aldizkari britainiarrak Europako arte garaikideko hamar erakusketa onenen artean hautatu du Cybernetics of the Poor 2020an. Oier Etxeberria Tabakalerako arte garaikidearen arloko arduraduna da erakusketaren komisarioetako bat.

Donostiako Tabakaleraren Cybernetics of the Poor –Pobrearen zibernetika: Tutorialak, ariketak eta partiturak– erakusketa Europako arte garaikideko hamar erakusketa onenen artean hautatu du Frieze aldizkari britainiarrak 2020an, eta Oier Etxeberria azpeitiarra da obra horren komisarioetako bat. Arte eta kultura garaikideko alorrean lider den aldizkariak urtero egiten du hautaketa, eta Tabakalerakoa beste bederatzi erakusketarekin batera dago zerrendan: besteak beste, hautatuen artean daude Parisko Pompidou zentroak, Erromako Arte Garaikideko Museoak, MACROk, eta Alemaniako Arte Garaikideko Zentro Nazionalak eta Haus der Kulturen der Weltek antolatutako erakusketak.

Etxeberria Tabakalerako arte garaikidearen arloko arduraduna da, eta Diedrich Diederichsen kultura kritikari eta komisario alemaniarra da erakusketaren beste komisarioa. Erakusketak zibernetikaren eta artearen artean historikoki izan diren lotura moduei buruzko azterketa planteatzen du. Tabakalerak eta Kunsthalle Wienek (Austria) elkarlanean ekoitzitako erakusketa da, eta tokiko eta nazioarteko 24 artistaren obrak ikusteko aukera eskaintzen du. Ikusgai dauden lanak bilduma pribatuetatik, galerietatik eta museotatik ekarri dituzte; besteak beste, Madrilgo Reina Sofia Arte Zentro Nazionaletik edo Lyongo (Frantzia) Arte Garaikideko Zentrotik.

Erakusketak Vienan eta Donostian 2019an egin zen nazioarteko mintegiaren izen bera du; izan ere, lankidetza horretatik sortu zen erakusketaren proiektua. Cybernetics of the Poor erakusketa martxoaren 6an inauguratu zuten Tabakaleran, zentro horrek COVID-19ren ondorioz ateak itxi baino astebete lehenago. Ekainean berriro zabaldu zuten, eta 6.000 lagunek bisitatu zuten abuztuaren amaieran itxi zuten arte. Abenduan, berriz, Vienako Kunsthallera lekualdatu zuten erakusketa, eta han ikusi ahal izango da 2021eko martxoaren 28ra arte.