Errege Magoen mezua, herriko haurrentzat

Ihintza Elustondo 2021ko urt. 3a, 10:20

Osasun larrialdia tarteko, aurtengoan ez da Errege Magoen kabalkadarik izango. Dena den, mezu bat utzi dute haiek herriko umeentzat. Gainera, gutunak bidaltzeko postontziak jarri dituzte herriko hiru gunetan.

Urtero-urtero, urtarrilaren 5ean, Meltxor, Gaspar eta Baltasar erregeak Azpeitiko kaleetan herriko haurrekin elkartu ohi dira. Aurten, ordea, osasun larrialdia tarteko, plazara ez etortzea adostu dute, ongietorria antolatzen duten ikastetxe eta kultur eragileekin hitz egin ostean. Beraz, 2021. urtean ez da Errege Magoen kabalkadarik izango.

Errege Magoak herrian ikusteko aukerarik izango ez bada ere, haiek mezu bat bidali dute herriko haurrentzat udalaren bidez. Horrez gain, urtarrilaren 5ean, ilunabarrean, Xoxote inguruan izango direla adierazi dute, eta haurrei esan diete hara begira egoteko, nola gerturatzen diren ikusteko.

Era berean, Errege Magoei zuzendutako gutunak jasotzeko postontziak jarri dituzte herriko hiru gunetan: igerilekuaren aurrean, anbulatorioaren aurrean eta udaletxearen azpian. Urtarrilaren 5 eguerdira arte izango dira postontziak leku horietan, eta, ondoren, udala arduratuko da gutunak jasotzeaz eta iluntzerako Meltxor, Gaspar eta Baltasarri emateaz.