Koronabirusa Azpeitian

Hego Euskal Herrian 628 positibo atzeman dituzte urteko azken egunean

Maria Maya Manterola 2021ko urt. 1a, 15:07

Positibotasun tasa % 6,1etik % 6,9ra igo da Araban Bizkaian eta Gipuzkoan. Astelehenean emango ditu Eusko Jaurlaritzak herriz herriko datuak. Nafarroan, bere horretan jarraitzen du atzemandako kasu kopuruak.

Urteko azken egunean, atzo, 628 koronabirus kasu atzeman zituzten Nafarroan, Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban egindako PCR eta antigeno probetan. Positibo kopurua zertxobait jaitsi da bezperatik –645 kasu zenbatu zituzten herenegun–, baina proba gutxiago egin dituzte: 10.797 herenegun, eta 9.157 atzo. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gora egin du positibotasun tasak; % 6,9an dago orain. Nafarroan, berriz, % 6,7koa da. 

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren arabera, 82 positibo zenbatu zituzten Araban, 235 Bizkaian eta 163 en Gipuzkoan. Azken lurralde horretan beheranzko joeran jarraitzen du kasu kopuruak, 200dik gora kasu zenbatu baitzituzten duela hiru egun. Bestalde, Osasun Sailak jakinarazi du atzo 35 pertsona ospitaleratu zituztela, eta 79 direla uneotan ZIUn. 

Osasunbideak emandako datuen arabera, berriz, 138 positibo atzeman zituzten atzo, bezperan baino bat gutxiago.