Ostalariek eta hornitzaileek protestak egin dituzte irtenbidea eskatzeko

Mireia Galarza - Nerea Uranga 2020ko abe. 31a, 19:30

Azpeitiko ostalariek eta hornitzaileek protestak egin dituzte gaur; goizean, auto karabana egin dute, eta arratsaldan, protesta zaratatsua. Sektorea "egoera larrian" dagoela eta, "erreskate plana" eskatu dute.

COVID-19ak eragindako izurritea tarteko hartzen ari diren neurriak direla eta, ostalaritza "egoera larrian" dagoela adierazi dute beste behin Azpeitiko ostalariek nahiz horien hornitzaileek. Haien ustez, orain arte jaso dituzten dirulaguntzak ez dira nahikoa. Horregatik, protestak egin dituzte gaur, Eusko Jaurlaritzari nahiz udalei "irtenbidea eta sektorearentzako erreskate plana" eskatzeko.

Batetik, 12:00etan Azkoitiko plazatik abiatuta, auto karabana egin dute bi herrietako ostalariek, eta auto ugari elkartu da haien aldarria lau haizetara zabaltzeko. Azkoitian eta Azpeitian barrena egin dute ibilbidea. Arratsaldean, bestetik, protesta zaratatsua egin dute ostalariek Gipuzkoako hainbat herritan, eta Azpeitiko tabernariek eta jatetxeetakoek bat egin dute deialdiarekin. 18:00etan, dendak eta tabernak ixteko ezarritako orduan, zarata ateratzen aritu dira tabernariak herriko kaleetan. Azpeitiko Bertan merkatari elkartekoek ere bat egin dute protesta zaratatsuaren deialdiarekin.