Koronabirusa Azpeitian

Bezperan baino hamahiru kasu gehiago atzo Hego Euskal Herrian, 389 proba gehiago eginda

Mireia Galarza 2020ko abe. 31a, 15:29

Positibotasun tasa %6tik %6,1era igo da azken datuen arabera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Herriz herriko daturik ez du eman Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak.

Urtea amaitzear, positibo kopuruak zertxobait gora egin du Hego Euskal Herrian. 645 positibo zenbatu zituzten atzo Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, bezperan baino hamahiru kasu gehiago. Guztira, 10.797 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo, aurreko egunean baino 389 gehiago. Horrela, positibotasun tasa %6,1ean dago EAEn –atzo %6koa zen tasa– eta %5,7an Nafarroan. 

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez, 508 positibo atzeman zituzten atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horietatik 241 Bizkaian, 189 Gipuzkoan eta 64 Araban. 28 lagun ospitaleratu zituzten atzo Osakidetzako erietxeetan, eta 79 pertsona daude ZIUn -herenegun kopuru bera zen-.  

Nafarroan, aldiz, 139 kasu zenbatu dituzte azken orduetan, bezperan baino bederatzi gehiago. Horietatik hamabi eraman dituzte erietxeetara, eta momentuz pertsona bakarra dago ZIUn.