"Bide luzea dago egiteko, baina presoen gaia mugitzen ari da eta urratsak ikusten ari gara"

Nerea Uranga 2020ko abe. 31a, 09:19
Miren Ilarreta eta Onintza Ostolaza abokatuen hitzaldia atzo, Sanagustinen.

Azpeitiko Sarek antolatuta, Josu Urbieta eta Gotzon Aranburu preso azpeitiarren egoeraren inguruan hitzaldia izan zen atzo, asteazkena, Sanagustin kulturgunean. Miren Ilarreta eta Onintza Ostolaza abokatuek  azaldu zuten bi presoen egoera.

Miren Ilarreta eta Onintza Ostolaza abokatuek hitzaldia eskaini zuten atzo arratsaldean Sanagustin kulturgunean. Hurrenez hurren Josu Urbieta eta Gotzon Aranburu herriko preso politikoen abokatuak dira Ilarreta eta Ostolaza, eta bi hauen egoeraz hitz egin zuten Azpeitian.

Urbieta Mont de Marsaneko (Frantzia) espetxera hurbildu zuten 2018an, baina baldintzapeko askatasuna eskuratzeko baldintza guztiak bete arren, aurtengo urrian askatasuna ukatu ziotela azaldu zuen haren abokatu Miren Ilarretak. Aranburu, aldiz, Dueñaseko espetxera  (Palentzia, Espainia) gerturatuko dute datozen egunetan, eta horrez gain lehen gradutik bigarren gradura igaroko da. Bere abokatuaren arabera, hirugarren gradua lortzeko baldintza guztiak beteko lituzke behin bigarren graduan egonda, eta hori izango da datozen hilabeteetarako erronka nagusia.

Bi presoen egoeraz gain, Frantziako eta Espainiako espetxeetan ematen ari diren presoen hurbiltzeak, gradu aldaketak, hainbat gaixoren kaleratzeak eta baldintzapeko askatasunak izan zituzten mintzagai bi abokatuek. Urratsak egiten ari direla azaldu zuten, baina oraindik bide luzea dagoela egiteko.

Frantziako Estatuaren kasuan, ipar Euskal Herriko eragile sozial eta politikoek egindako presioa "ezinbestekoa" izan dela azaldu zuen Ilarretak, azken urteetan egin diren mobilizazioak eta harreman dinamikak azpimarratuz. Espainiako Estatuko egoerari lotuta, "Espainiako Gobernu aldaketak" ere lagundu du mugimendu hauen eman daitezen, Ostolazak adierazi zuenez, urte askoan herritarrek egindako presio eta mobilizazioez gain.

Biek ala biek azpimarratu zuten "presioarekin eta mobilizazioarekin" jarraitzeko beharra dagoela.

Atzoko hitzaldiaren amaieran, gogora ekarri zuten urtarrilaren 9an, 17:30ean, Sarek deituta manifestazioa egingo dela herriko plazatik abiatuta, eta bertan parte hartzera gonbidatu zituzten herritarrak.