Onintza Ostolaza: "Orain, inportanteena Gotzon Aranbururen kaleratze prozesua abian jarri dezakegula da"

Nerea Uranga 2020ko abe. 30a, 08:00
Onintza Ostolaza, Gotzon Aranburu presoaren abokatua.

Azpeitiko Sarek antolatuta gaur, abenduak 30, Gotzon Aranburu eta Josu Urbieta Pow preso azpeitiarren egoeraz hitzaldia izango da, 18:30ean, Sanagustin kulturgunean. Onintza Ostolaza eta Miren Ilarreta abokatuak izango dira hizlariak; hurrenez hurren, Aranbururen eta Urbietaren abokatuak. Ostolazak (Oiartzun, Gipuzkoa, 1982) gaur-gaurkoz Aranbururen egoera zein den azalduko du solasaldian.

Gotzon Aranburu Villenako (Alacant, Herrialde Katalanak) espetxetik Dueñaseko (Palentzia, Espainia) kartzelara gerturatuko dute. Espainiako Espetxeetako Erakundeak bost presoren gerturatzeak agindu zituen abenduaren 18an; tartean, Aranbururena. Orain arte Azpeititik 720 kilometrotara zegoen azpeitiarra; kartzelaz aldatutakoan, herritik 280 kilometrotara egongo da preso.

2002ko abenduan atxilotu zuten Gotzon Aranburu Jesus Mari Etxeberriarekin batera, ustez ETAko kideak zirelakoan, Collado Villalban (Madril) Guardia Zibilaren kontrol baten ondoren tiroketa izan eta gero. Tiroketan polizia bat hil eta Aranburu larri zauritu zen. Egun, Aranbururen egoera zein den azalduko du Ostolazak —haren abokatuak— gaur arratsaldeko solasaldian.

Abenduaren 18an Espainiako Espetxeetako Erakundeak Gotzon Aranburu gertuagoko espetxe batera, Palentziara, lekualdatuko zuenaren berri eman zuen. Dagoeneko gerturatu al dute?

Egun hauetan jakingo dugu lekualdaketaren berri, baina gaur-gaurkoz ez dakigu gehiago. Azkenaldian, Espainiako Espetxezaintzako Zuzendaritza Orokorra Madriletik erabakiak hartzen ari da zenbait preso banaka-banaka espetxez aldatzeko eta gerturatzeko nahiz graduz aldatzeko. Noski, hilabeteak dira Gotzon hori eskatzen ari zela, bai espetxe zuzendaritzan, baita epaitegietan ere. Azken erabaki horren aurretik, 100.2ren aplikazioa zuen lortuta; hau da, lehenengo graduan egonda, bigarren graduko baldintza gutxi batzuk zituen. Orain, erabaki dutena da Gotzoni bigarren gradua ematea eta espetxez aldatzea, Alacantetik Palentziara gerturatzea. Erabaki honen berri Gotzoni berari emango diote, eta ez dakigu ziur berak noiz jasoko duen erabakiaren agiria. Paper hori jasotzen duenean, lekualdatuko dute espetxez. Baina egun hauek bereziak dira eta ez dakigu noiz gertatuko den hori. Oraindik ez daukat baieztapenik ez Alacanteko espetxetik atera dutenik, ez Dueñasera iritsi denik ere.

Une batetik bestera jakiten al du presoak espetxez aldatuko dutela?

Batzuetan, funtzionarioek zerbait aurreratzen diote presoari, baina beste batzuetan ez. Kartzela batzuetan egun jakinetan egiten dituzte lekualdaketak eta hori jakiten dute presoek. Espetxeetako arduradunek segurtasunagatik alegatzen dute beste inork —ez familiak, ez abokatuak— ezin duela jakin zein egunetan lekualdatuko duten. Ondorioz, kartzelaz aldatu ondoren jakiten dugu eta normalean, espetxe berean dauden beste preso batzuek abisatuta. Ondoren, non dabilen jakiteko, haren deiaren zain egon behar izaten dugu.

Lehen gradutik bigarren gradurako aldaketa onartu diote. Kartzelaz aldatutakoan ezarriko al diote gradu hori?

Ez, behin gradu aldaketaren ebazpena jasotakoan izango du bigarren gradua. Berri ona da graduz aldatzea. Baina, kasu hauetan, presoak erabakia jaso aurretik, prentsara filtratzen du espetxe zuzendaritzak bere erabakia, eta hori salatu beharra dago. Hedabideetan berria eman eta handik egun batzuetara jasotzen du ebazpena presoak.

Aranburu aspalditik ari zen bigarren gradua eskatzen, eta orain eman diote.

Argi utzi behar da ez dela inolako onura bigarren gradura pasatzea; izan ere, bigarren gradua edozein presorentzako normalena den gradua baita. Edozein zigor jaso eta preso bat espetxeratzen dutenean automatikoki aplikatzen zaion gradua da bigarrena. Euskal preso politikoen kasuan, ordea, salbuespenezko gradua ezarri izan zaie, lehen gradua, alegia. Salbuezpenezko gradu hori ezartzeko, baina, legeak berak jasotzen duen arrisku hori ikusi behar da: espetxean duen portaeragatik zigortua dela, ez dituela espetxeko arauak betetzen… Gainera, legez denbora mugatu batekoa izan behar du lehenengo graduak; hau da, presoak portaera normala duenean, bigarrena ezarri beharko litzaioke. Baina, urteetan, euskal preso politikoei sistematikoki ezarri zaie lehen gradua, salbuezpenezkoa. Azken urteetan Gotzonek ez du zigorrik izan, eta berak eta beste kideek beste zenbait preso baino jarrera eta portaera hobea dute espetxeko funtzionamenduaren barruan. Beraz, inolako arrazoirik gabe luzatu zaie lehenengo gradu hori eta luzatzen ari zaie preso askori. Horrek bizi baldintza gogorrak suposatzen ditu haientzat: egunean lau orduko bizitza komuna eta beste hogei orduak bakarrik, otorduak ziegan, aktibitaterik ez, segurtasun eta kontrol neurri zorrotzagoak… Salbuespenezko espetxealdia aplikatu zaie euskal presoei orain arte, eta orain hasi dira bigarren graduak ematen. Baina bigarren gradu hori espetxealdiaren hasieratik izan beharko lukete Gotzonek eta gainontzeko presoek.

Bigarren graduan egoteak zer suposatuko dio Aranbururi?

Espetxeko bizitza baldintza hobeak ekarriko dizkio bigarren graduan egoteak. Hala nola bizitza komuna egiteko zortzi ordu izateko aukera izango du, otorduak jangelan egitekoa, aktibitate gehiago... Baina, une honetan, guretzako inportanteena kaleratze prozesua martxan jarri dezakegula da, legeak aurreikusi bezala.

Orduan, orain, kaleratze prozesua martxan jarri dezake Aranburuk?

Behin bigarren gradua izanda eta ezarritako zigorraren laurden bat beteta irteera baimenak lortzeko eskubidea du presoak. Gotzonen kasuan, baldintza horiek betetzen dira, eta irteera baimenak lortzeko eskubidea edukiko luke. Hasieran hiru eguneko etxeratzeko baimenak izan daitezke, eta ondoren, sei egunera arte luzatu daitezke. Baina, egia esanda, baldintzak beteta izan arren, ez dituzte horren azkar ematen irteera baimen horiek. Teorian hori lortzeko legeak esaten duena da: bigarren graduan egotea, kondenaren laurden bat beteta izatea eta espetxeko informe on bat izatea. Gero, hori guztia epaileak onartu behar du. Teorian, egun, baldintza legal guztiak beteko lituzke Gotzonek irteera baimen horiek izateko. Behin, bigarren graduan dagoenean, eskaera horiek egiten hasiko gara. Kontua da, ordea, oso zaila dela irteera baimenak azkar ematea.

Pandemiak presoen egoera ere gogortuko zuen, ezta?

Bai, asko gogortu du haien egoera. Komunikazioa eten da, eta oraindik ere aurrez aurreko bisita gehienak etenda dituzte presoek. Gutxi batzuk hasi dira aurrez aurreko bisitak izaten, baina oso mugatuta. Gainera, aurrez aurreko bisita izan ondoren, berrogeialdiak egin behar izaten dituzte presoek; isolatuta egon behar izaten dute zazpi edo hamar egunez. Kristala tarteko bisitak ere denbora batez etenda izan dituzte. Beraz, hilabeteetan izan dituzten komunikatzeko modu bakarrak telefono deiak eta bideo-deiak izan dira; bideo-deiak oso gutxi eta hamar minutukoak. Horrez gain, espetxe barruko baldintzak ere gogortu egin dira presoentzako, besteak beste, aktibitateak kendu dizkietelako. Orain, esaterako, espetxez aldatzen dutenean, isolatuta berrogeialdia egin beharko du Gotzonek.

Gertuagoko kartzela batera lekualdatuko dute Aranburu, baina Azpeititik ia 300 kilometrora dago hori.

Aurretik esan bezala, Gotzonek denbora asko darama eskatzen bigarren gradua eta Euskal Herriko espetxera batera ekar zezatela. Bai politikoki, bai juridikoki urteak dira hori eskatzen ari garela. Inoiz ez dugu defendatu euskal presoak Euskal Herritik kanpo kartzeleratuta izatea, baina egun ez dute inolako argumenturik Euskal Herriko espetxea ez den leku batean presoak edukitzeko; begira zenbat denbora pasatu den erakundea desegin zenetik. Gainera, hemengo kartzeletan leku faltarik ez dago. Dueñasekora gerturatzea aurrerapausoa da, baina ez da nahikoa. Gotzoni Euskal Herriko espetxe batean eta bigarren graduan egotea dagokio, eta pixkanaka, kaleratze prozesu horren baitan kaleratze baimenak jasotzen hastea. Gerturatzeko urrats hau ez da nahikoa, eta salatu egiten dugu gainera; zalantzarik gabe, erabaki politiko bat delako.

Elkarbizitzan eta bakean urratsak egin nahi baldin badira, sufrimenduarekin bukatu beharra dagoela dio Sarek. Eta horretarako, herritar guztien bultzada beharrezkoa dela.

Bai, herritar guztien bultzada behar da. Gertatu dena gertatu da, hori ezin da aldatu, eta aurrera egiteko, sufrimenduarekin bukatu behar dugu. Elkarbizitza bat egoteko, eskubide urraketak jasaten ari denaren sufrimenduarekin bukatu behar dugu. Une honetan, presoak eta haien senideak dira eskubide urraketa sufritzen ari direnak, eta horrekin bukatu egin behar da. Presoek eragindako minaz errekonozimendu bat egin dute, eta egiten ari dira. Haiek beren prestutasuna adierazi dute. Gertatutakoa ezin da aldatu, baina etorkizun bat eraiki behar dugu eta presoak horretarako prest azaldu dira; bide horretan beren alea jarri dute. Baina haien sufrimenduarekin ere bukatu egin behar da, bestela honek ez du inoiz bukaerarik izango, eta datozen belaunaldiek merezi dute sufrimenduarekin ja bukatzea.

Orain, orduan, Aranbururen kartzelaz aldatu dutela jakiteko zain zaudete.

Bai, zain gaude noiz lekualdatzen duten Dueñasera, eta behin han dagoenean bigarren graduan jarriko dute. Gero, pixkanaka, espetxe horretako bizimodura moldatu beharko du, eta horrek denbora bat eskatzen du askotan. Han beste etapa bat hasiko du, erraza izango ez dena, baina hasi behar dena. Dagokiona lortzen saiatu behar du: irteera baimenak izatea eta Euskal Herrira ekartzea.