'75 urte, 75 tontor, 75.000 metro' erronkan parte hartzera animatu ditu mendizaleak Lagun Onak Mendi Bazkunak

Nerea Uranga 2020ko abe. 29a, 13:39
Orioko Kukuarrirako bidea.

Azpeitiko mendizale elkarteak hilabetero egin beharreko mendiak zehaztuko ditu. Erronkan parte hartzeko urtarrilean egitekoak honakoak dira: Aratz, Oiz, Burgoa, Urdaburu, Kukuarri eta Murumendi. Hilabete bakoitzean egin beharreko mendiak proposatzeko garaian, pandemiaren ondorioz indarrean dauden unean uneko neurriak hartuko ditu kontuan elkarteak. Hilero bost sari zozkatuko ditu tontor guztiak osatzen dituztenen artean zein parte hartzen duten mendizaleen artean.

75 urte, 75 tontor, 75.000 metro ekimena aurkeztu du gaur Azpeitiko Lagun Onak Mendi Bazkunak. 2021ean 75 urte beteko ditu Azpeitiko mendizale elkarteak, eta urtemuga hori ospatzeko prestatzen ari den ekitaldi sortaren parte da gaur aurkeztu dutena. Ekimen honekin, datorren urtean zehar 75 mendi tontor egitea proposatzen die mendizale guztiei, tontor guztien artean 75.000 metro osatuko dituzte.

Mendizale elkarteak, "erronka interesgarriago" egiteko, hilabetero sariak banatuko ditu, bai gailur guztiak osatzen dituztenen artean baita parte hartzen dutenen artean ere zozketak eginez. Hilero egin beharreko mendiak Lagun Onak Mendi Bazkunak berak aukeratu edota proposatuko ditu. 75 tontor horiek guztiak Euskal Herriko zazpi lurraldeetan banatuta daude: Gipuzkoan 21, Bizkaian hamazazpi, Araban hamar, Nafarroan hamahiru, Lapurdin zazpi, Nafarroa Beherean hiru eta Zuberoan lau.

Urte guztirako proposatu duten 75 tontor egiteko erronka hilabeteroko erronkatxoetan banatu dute. Hau da, mendizale elkarteak berak esango ditu hilero egin beharreko mendiak zein diren. Ondoren, horiek denak igo dituztenen artean edota parte hartu dutenen artean sariak zozkatuko ditu. "Erronka, 2021. urtean tontor hauek guztiak, mendizale diren lagunen artean igotzea izango litzateke", azaldu dute mendizale elkarteko ordezkariek.

COVID-19 gaitzaren pandemiari aurre egiteko gaur gaurkoz indarrean dauden eta etorkizunean ezarri daitezkeen mugikortasun mugek ere hein handi batean "baldintzatu" dezakete Lagun Onak MBren erronkaren nondik norakoa. "Esaterako, une honetan ezinezkoa da Nafarroako edota Ipar Euskal Herriko lurraldetara bidaiatzea. Beraz, erronka unean uneko errealitatera egokituko dugu", adierazi dute.

Urtarrileko mendiak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Beraz, gaur eguneko egoera eta neurriak kontuan hartuta, urtarrilerako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako mendiak egiteko erronka proposatu dute mendizaleek: Araban, Aratz (1.445 metro); Bizkaian, Oiz (1.026 metro) eta Burgoa (451 metro); eta Gipuzkoan, Urdaburu (599 metro), Kukuarri (393 metro) eta Murumendi (868 metro).

Erronkaren xehetasun guztiak azalduz eta parte hartzeko Lagun Onak Mendi Bazkunak: 75 urte-tontor web orria jarri du martxan. Bertan,  bildu dituzte erronkari buruzko xehetasun eta parte hartzeko bide guztiak. Web orri horretan eman beharko da erronkan parte hartzeko fitxa eta igo beharko dira egindako tontorretan ateratako argazkiak.

Hilero mendizaleek proposatutako mendi guztiak osatzen dituztenen artean 120 euroko bonu bat zozkatuko du Lagun Onak Mendi Bazkunak Azpeitiko Santi Lazkano Kirolak dendan gastatzeko. Bestalde, hilero tontor guztiak ez baino gailurren bat egin dutenen artean lau sari zozkatuko dituzte: 60 euroko bonu bat Jostaldi Kirolak dendan gastatzeko; Bertan Azpeitiko Merkatari Elkarteko dendetan gastatzeko 30 euroko bonua; Euskadi Sport dendak eskainitako jertsea eta taza; eta Lagun Onak Mendi Bazkunaren 75. urtemugako kamiseta bat. Sari horiez gain, erronkan zehar bestelako sariak ere zozkatuko dituzte parte hartzaileen artean: otorduak Landeta sagardotegian, Xoxoteko aterpean egonaldiak… Amaieran, gainera, Halcon Bidaiak agentziak eskainitako bidai-bonua ere zozkatuko dute.

Pertsona bakoitzak hilero sari bakarra irabazi ahal izango du; eta, hilabeteren batean, gailur guztiak egin dituen inor egongo ez balitz, parte hartu duten mendizaleen artean Santi Lazkano Kirolak dendan gastatzeko 60 euroko bi bonu zozkatuko dituzte.

Lagun Onak Mendi Bazkunak hilabeteko lehenengo astean egingo ditu publiko aurreko hilabeteko erronkatxoari dagozkion zozketak, eta web orriaren eta sare sozialen bidez iragarriko ditu irabazleak. Hilabeteko azkenengo astean, berriz, hurrengo hilean egin behar diren gailurren berri emango du Lagun Onak MBk.

Mendizale elkarteko arduradunek eskerrak eman dizkiete erronka antolatzen lagundu duten babesle guztiei: Santi Lazkano Kirolak, Jostaldi Kirolak, Bertan Azpeitiko Merkatari Elkartea, Euskadi Sport, Xoxoteko aterpea, Landeta sagardotegia eta Halcon Bidaiak.