Manifestazio jendetsua egin dute ostalariek, merkatariek eta hornitzaileek erakundeei "neurrien adinako laguntzak" eskatzeko

Maialen Etxaniz 2020ko abe. 24a, 20:19

Bertan merkatari elkarteak eta Azpeitiko tabernarien elkarteak (AZTE) deituta, manifestazio jendetsua eta zaratatsua egin dute sektoreko langileen egoera salatzeko eta erakundeei "behar bezalako" laguntzak eskatzeko. 

Ilun, triste eta hutsik gelditu dira Azpeitiko kaleak 18:00ak jotzearekin batera, Eusko Jaurlaritzak hartutako azken neurri murriztaileak tarteko; izan ere, Jaurlaritzaren aginduz 18:00etarako itxi behar izan dituzte taberna, jatetxe, denda eta merkataritza gune guztiak —farmaziak eta gasolindegiak salbu—. Saltokiak itxi eta minutu gutxiren buruan, ordea, ostalarien, merkatarien eta hornitzaileen aldarriek hartu dituzte kaleak. Horiek bizi duten egoera salatzeko, kezka agertzeko eta erakundeei "neurrien adinako laguntzak" eskatzeko manifestazioa egin dute plazatik hasita, eta herritar ugarik egin du bat protestarekin. 

Plazan amaitu da manifestazioa, eta bertan hitza hartu dute mobilizazioaren deitzaileek. Adierazi dute Azpeitian 500dik gora familia bizi direla ostalaritzatik, merkataritzatik eta hornikuntza lanetatik, eta azken hilabeteotako egoeraren aurrean oso kezkatuta daudela azpimarratu dute. Hori dela eta, bizi duten egoera "jasanezina" dela eta "gehiago ezin" dutela adierazi dute. Erakundeen jarrera ere salatu dute, eta haiei eskaera zuzena egin diete: "Utz diezaiotela limosnak partitzeari, eta has daitezela egoerak benetan eskatzen dituen laguntzak ematen".  Era berean, adierazi dute ostalariak, merkatariak eta hornitzaileak ez direla egoera honen errudunak, eta pandemiari lotutako azken datuek hori agerian utzi dutela azpimarratu dute. 

Gogoan izan dituzte Euskal Herriko hainbat txokotan egoera berean dauden ostalariak, merkatariak eta hornitzaileak, baita pandemiaren eta neurrien ondorioz beren negozioak itxi behar izan dituztenak ere.